AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/27 11:39

Joan den larunbatean, otsailaren 24an, Zentroko Gaztetxe berriaren aurreneko urteurrena ospatu dute Zestoan (Gipuzkoa). Zestoako Gazte Asanbladak duela urtebete jakinarazi zuen Elizondo eraikina izandakoa birjabetu eta hara tokialdatu zuela Gaztetxea, hainbat urtez hura lekualdatzeko udalarekin eta Elizarekin izandako elkarrizketek porrot egin ostean.

Elizaren jabetzakoa da Gaztetxe bilakatutako eraikina. Gaztetxearen kontrako prozedura judizial bat jarri zuen martxan Gipuzkoako Gotzaindegiak, eta urtarrilaren 24an izan zen horri loturiko epaiketa, Azpeitian (Gipuzkoa). Gazte Asanbladako kideek egun gutxian azaldu zuten bazutela ebazpenaren berri: Zestoako Gaztetxe berria husteko agindua eman du epaileak.

Ebazpenak ebazpen eta oztopoak oztopo, erdiguneko Gaztetxea indartzen jarraitzen dute asanbladako kideek, Euskal Herri osoko hamaika espazioren eta lagunen eskutik. Otsailaren hasieran ehunka pertsona elkartu ziren Zestoan, manifestazio baten bidez, Gaztetxea defendatzera eta desalojoa gelditzera deitzeko. Joan den asteburuan, berriz, Gaztetxe berriaren lehen urteurreneko ospakizunak izan dira.

Eguerdian hasi zen urteurrenaren egitaraua, Jon Gurrutxagak eta Gorka Pagonabarrak girotutako bertso-poteo batekin. Arratsaldean bazkaria izan zen Gaztetxean bertan, eta, horren ostean, herri-kirol ikuskizun bat eskaini zuten Jon Lapeirak, Lierni Osak eta Maddi Gesalagak. Iluntzeko pilota-saioaren ondoren, zenbait kontzertu izan ziren Gaztetxean.  Istilu, Tiratxinas, Berandu Baino Lehen eta Yakovlev 42 taldeak aritu ziren, hain zuzen ere.

EZ DAGO IRUZKINIK