AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/05 08:39

Bi aldarri garbi plazaratu zituzten atzo Zestoan (Gipuzkoa): Gaztetxea defendatu. Desalojoa gelditu. Horixe zioen Zestoako Gazte Asanbladak herriko kaleetan barrena eraman zuen pankartak, ehunka lagunen babesarekin. Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak deituta, eguerdian izan zen atzoko manifestazioa: ehunka pertsonak exijitu zuten Gaztetxearen desalojoa gera dadila, eta Elizaren nahiz Zestoako Udalaren jarrera salatu zuten.

Huste arriskuan jarraitzen du Zestoako Gaztetxeak: urtarrilaren 24an izan zen herriko bi gazteren kontrako epaiketa, eta Gaztetxearen kontrakoa izan Azpeitiko (Gipuzkoa) epaitegiaren ebazpena: espazioa husteko agindua eman du. Horregatik deitu zuten atzo mobilizatzera, eta mezu argi bat eman zuten Zestoako Gazte Asanbladak eta Defentsa Komunitateak: Gaztetxearen aldeko borrokan jarraituko dute, eta hura defendatzera deitu dute.

Aurreko aste luzeetan zehar, Urola bailarako eta Euskal Herri osoko hamaika Gaztetxeren eta espazioren babesa izan dute Zestoako kideek, eta hala izan zen atzo ere. Hala, berriz eman zizkieten eskerrak "prozesu luze honetan alboan" izan dituzten guztiei: "Zuek gabe hau ez litzateke posible izango".

Azken berriak eta erantzuleak: Eliza eta udala

"Lehengo astean iritsi zen Gaztetxearen aurkako epaia. Gaztetxea desalojo arriskuan dago eta herriko bi gazte kondenaturik eta milaka euroko zigor ekonomikoak jasotzeko arriskuan daude", azaldu zuten atzoko mobilizazioan: "Gotzaindegiak kontrakorik esanagatik ere, behin betiko sententzia iritsi artean, mahai gainean dago arriskua".

Berriz seinalatu dituzte, beraz, egoera horren erantzule zuzenak diren erakundeak: zehazki, Gipuzkoako Gotzaindegia eta Zestoako Udala (EH Bildu). Elizari dagokionez, gazteek berriz ohartarazi dute bere "jarrera atzerakoi eta diruzaleaz", eta gogorarazi dute gotzaindegiak uko egin diola elkarrizketari eta Gaztetxearen desalojoa ez den konponbide bat bilatzeari. Horren ordez, Gaztetxearen kontrako bide judizialari eutsi dio.

Gaztetxearen alde, gainera, Gipuzkoako 700 lagunek baino gehiagok erabaki dute apostasia kolektiboa egitea, baina eskaera horiei oztopoak jartzen jarraitzen du gotzaindegiak. "[Gotzaindegia] Apostasiei uko egin nahian ari da mota guztietako aitzakiekin", jakinarazi zuten atzoko manifestazioan: "Hori da fede askatasunaren aurkako benetako erasoa".

Bestalde, gazteek berriz jarri dute jopuntuan EH Bildu buru duen udalaren jarrera: "Gaztetxearen aldeko inolako pauso errealik ematetik urrun, azken asteetako adierazpenekin argi utzi du, Gaztetxearen alde baino, gatazka bere intereserako erabili nahi duela, Elizaren jabetzak udalaren eskuetan jartzea helburutzat hartuta Gaztetxea aipatu gabe".

Kriminalizazio-kanpaina eta fauna erreakzionarioa

Horrekin batera, azken asteetan jasandako kriminalizazio kanpaina gaitzetsi zuen Zestoako Gazte Asanbladak, baita hura bultzatu duen sektore erreakzionarioa seinalatu ere: "Instituzio atzerakoi kapitalista honen `[Eliza] defentsan atera da mota guztietako fauna eskuindar eta erreakzionarioa".

Zestoako elizan Gaztetxearen alde izan zen protesta-ekintza bat aitzakiatzat hartuta "Elizaren nahiz udalaren zein komunikabideen eta alderdi instituzionalen partetik" jaso duten seinalamendua eta "manipulazio-kanpaina" salatu dituzte berriz asanbladako kideek. Azaldu dute, horren guztiaren emaitza modura, "halako jarrera arriskutsuak normalizatzen" direla: "Horren adibide da pasa den igandekoa, herrian izan genituelako espezimen horietako batzuk". Izan ere, hainbat pertsona bertaratu ziren Zestoara, Eliza babestera eta Gaztetxearen aldeko propaganda kentzera.

Gazteek argi esan zuten: ez dute halakorik onartuko. "Norberak ikusiko du formen eztabaida antzuetan erori edo Gaztetxeko kideok jasan dugun kanpaina hori salatu. Guk behintzat, garbi utzi nahi dugu, ez diogula utziko gure herrian zabor erreakzionario horri nahi duen moduan ibiltzen. Aurrean izango gaituzue", gaineratu zuten.

Urteurrena hilabete honetan

Atzoko mobilizazioan, aldarrikatu zuten "egindako borroka nekaezinaren fruitu dela gaur oraindik Gaztetxea Gazte Asanbladaren esku egotea": "Lorpen hau guztion borrokari eta irmotasunari esker izan da". Aurrerantzean ere lanean segituko dute Langile Kontrolpeko Espazioaren defentsan, eta hitzordu bat jarri dute hilabete honetarako: Gaztetxe berriaren aurreneko urteurrena ospatuko dute otsailaren 24an.

EZ DAGO IRUZKINIK