Gasteizko (Araba) lorezaintzako langileek martxoaren 26an ekin zioten greba mugagabeari, lan-baldintzak hobetuko dituen itun propio baten alde. Lanuztea hasi zutenetik lau hilabete bete direnean, borrokaldiaren abiapuntua ekarri dute gogora udalak azpikontratatutako Enviser enpresako beharginek: azaldu dute, greba hasi aurretik, urtebete baino gehiago egin zutela "hitzarmen propio baten negoziazioari ekiteko ahaleginetan", baina ez zutela izan "planto egitea beste aukerarik, enpresak negoziatzeari uko egin baitzion".
Uztailaren bukaera da dagoeneko, eta borrokan segitzen dute lorezainek, Eusko Jaurlaritzak "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri arren" eta Gasteizko Udalak "benetan inplikatu" gabe jarraitu arren. Eta badirudi luze hartuko duela oraindik borrokak. "115 eguneko grebaren ondoren, enpresak [Enviser] eta udalak arduragabe jokatzen jarraitzen dute, eta, une honetan, ez dugu lan-gatazkari amaiera ikusten, Jaurlaritzak egindako azken eskaintza eta gero", diote beharginek: "Eskaintza horrek apenas aldatzen du enpresaren posizioa, eta hiru urteko soldata-igoeraren %9ko eskaintzan mantentzen da, 2028ra arte langileen prekaritate-egoera betikotuz [...]. Soldatak oso baxuak dira eta greba ez da amaituko soldatak asko hobetu arte".
Udala, Jaurlaritza eta Enviser eskutik
Grebak lau hilabete betetzean egindako adierazpenetan, ESK, ELA eta LAB sindikatuek salatu dute Enviserrek, udalak eta Jaurlaritzak elkar hartu dutela. Seinalatu dute enpresak ez duela "presarik gatazka konpontzeko"; udalak beste aldera begiratu duela "gasteiztarren interesak defendatu beharrean"; eta, egoera horretan, Jaurlaritzak "guztiz abusiboak" diren zerbitzu minimoak inposatu dizkiela grebalariei. "Gatazka gutxieneko zerbitzu abusiboak ezarriz konpontzea nahi dute, gatazkari benetan amaiera emango dion konponbidea bilatu beharrean", iritzi diote.
Udalaren azken mehatxuak
Lorezainek greba egiteko duten eskubideari erasotzen segituko dute agintaritzek, itxura denez. Izan ere, Jaurlaritzak egindako azken proposamenari ezetz esan dio plantillak, eta udalak hori erabili du mehatxu egiten segitzeko. Hain zuzen ere, Maider Etxebarria alkateak (PSOE) berriki esan du, beharginen ezezkoa ikusi eta gero, "gutxieneko zerbitzuen aplikazioa gogortuko dutela".
Langileen esanetan, horrek "argi eta garbi" erakusten du zerbitzu minimoei ematen ari diren "erabilera politikoa": "Laburbilduz, [Etxebarriak] ohartarazi zuen udalak eta enpresak grebarekin amaitzeko eskaintzen dizkiguten apurrei men egiten ez badiegu, normalean egiten dugun lan guztia egitera behartuko gaituztela".
Bitartean, Enviser lorezainak derrigortzen ari da gutxieneko zerbitzuetatik kanpo dauden lan batzuk egitera, besteak beste, Mendizorrotzako eta Gamarrako eremu batzuetan mozketa-lanak egitera. "Enpresak nahi bezala lan egiten jarraitzen du, gutxieneko zerbitzuak egitera behartuta dauden langileak mehatxatzen eta zigortzen, bajan dauden pertsonei dagokien prestazioa ez ordaintzen eta abar, udalaren pasibotasuna enpresa-interesekin erabat lerrokatuta dagoelako", gaineratu dute grebalariek.
"Mobilizatzen eta salatzen jarraituko dugu"
Erasoak eraso, "gutxieneko zerbitzuen xantaia behingoz amaitzea eta greban dauden langileen bidezko soldata-aldarrikapenei behingoz heltzea" exijitzen dute lorezaintzako langileek, eta jakinarazi dute "mobilizatzen eta salatzen jarraituko" dutela. Sinadura bilketa bat jarri dute martxan, Gasteizko Udalari exijitzeko "konponbidean benetan inplikatu" dadila, eta babes handia jasotzen ari dira.
Irakurri hemen lorezaintzako langileei ekainaren bukaeran egindako elkarrizketa, grebaz, azpikontratazioaz, greba-eskubidearen aurkako erasoaz eta beste.