AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Errobi ibaia, Itsasu (Lapurdi) inguruan. Argazkia: @francis_larrea
2022/05/01 13:46

Errobi ibaia laranjaz tindatuta azaldu zen aurreko ostegunean, apirilaren 28an, Itsasu (Lapurdi) inguruan. Azaldu zutenez, Arrosan (Nafarroa Behera) kokatutako burdin pirita hobi zahar batek lur-jotze bat jasan zuen eta, ondorioz, ur isuri handi bat igorri zuen.

Azido sulfurikoa ekoizteko erabiltzen zen meatzeko burdin pirita hori eta, antza, ur isuriak mineral hori garraiatu zuen Errobi ibaira, ura laranjaz margotuz.

Inguruko herritarrek egoeraren berri eman zuten eta, hala, Baionako (Lapurdi) ur iturria aldatu behar izan zuten, Errobi ibaiak hornitzen baitu Lapurdiko hiriburua. Uraren kolorea argituz joan zen arratsaldean zehar eta, dirudienez, piritak utzitako ur arrastoak dira arazoa orain.

Kalteak, ezezagunak

Arrosako hobia da Pirinioetako zaharrena. Antza, pirita zati batek blokeatu zuen ur jarioa eta, horren eraginez, ura pilatu zen hobian. Horren pisuak piztu zuen lur-jotzea.

Horren guztiaren ondorioak ez daude argi oraindik; halere, ibaiaren fauna kaltetu dela aitortu dute jada.

EZ DAGO IRUZKINIK