AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Kaxilda eta Ezpala gaztetxeen defentsaren aldeko manifestazioa Tolosan, otsailean. Argazkia: Tolosako Gazte Asanblada
2020/06/30 17:55

Tolosaldeko Gazte Fronteak otsailean eman zuen irekiko zuen borrokaldiaren berri; Tolosaldean (Gipuzkoa) desjabetze arriskuan zeuden Ezpala eta Kaxilda gaztetxeen defentsa modu kolektiboan emango zuela iragarri zuen. Joan den martxoaren 6an, Zizurkilgo (Gipuzkoa) Kaxilda hustu zuten polizia indarrek, baina COVID-19aren hedapenarekin batera ezarritako salbuespen egoerak, defentsa "bertan behera" uztera behartu zituen Tolosaldeko Gazte Fronteko kideak.


Aurreko astean argitaratu zuten bideo batean, gaztetxeen egoera azaldu eta "borrokaren berraktibatzea" iragarri zuten. Gaur, berriz, elkarretaratzea deitu dute datorren larunbaterako, uztailak 4, Elkartasunaren indarrez, desalojoari aurre lemapean. Tolosako Euskal Herria Plazan bilduko dira bi gaztetxeen defentsan.


"Krisialdi gogor baten atarian" gauden honetan, "langile antolakuntzaren" beharra azpimarratu dute Tolosaldeko Gazte Fronteko kideek. Sorrerako ekitaldian zioten bezala, indarrak batuz eta jardun kolektiboak bultzatuz, "gazteria langile kritiko eta politizatua" eratzeko lanean ari dira.


Kaxilda, desalojatua


Argitaratutako bideoan gogorarazi dutenez, martxoaren 6an hustu zuten Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea. Espazioa baino, bertan garatutako "proiektu politikoa" azpimarratu dute; "espazioaren gaineko langile kontrola" garatuz, "gure bizitzen gaineko kontrola" irabaztea helburu. Horrekin batera, espazioaren auziari lotuta, "Zizurkilgo udaletxearen jarrera pasiboa" salatu dute, aurrez ere egin modura. Bide batez, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearen sorreraren garrantzia azpimarratu dute, "birjabetutako espazioak defendatzeko, autodefentsa antolatzea beharrezkoa delako".


Ezpala, desalojo arriskuan


Tolosako Ezpala gaztetxeari dagokionez, jabeak salaketa jarri ostean, ekainerako finkaturik zegoen epaiketa atzeratu dute. Egoera honetan, eta beste data baten faltan, prozesu judizialari buruzko "ezjakintasuna" dutela adierazi dute Gazte Fronteko kideek. Dena den, "antolatzen eta borrokatzen" jarraitzeko prest daudela diote.


Azken hilabeteetan, Ezpalaren "berregokitzapen lanetan" aritu dira. Horri lotuta, "GKSk bertan antolatu zuen auzolan jendetsua" izan dute hizpide, espazioaren egoeran "salto kualitatibo handia" ekarri zuela irizten baitiote.



EZ DAGO IRUZKINIK