AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Itzalpe
2019/10/28 08:25

Atzo, hilak 27, aurkeztu zuten Zizurkilen (Gipuzkoa) Tolosaldeko Gazte Frontea, errealitate kapitalistak "gazte langileoi sortzen dizkigun miseria zein zapalkuntzak identifikatzeko, borrokatzeko eta desagerrarazteko". Hala, "gazte problematikak duen klase izaera" azpimarratu zuten, eta egoera horren aurkako borrokak "izan behar duen osotasunaren ikuskeran" berretsi ziren. Izan ere, gazteek "gero eta etorkizun ilunagoa" dutela adierazi zuten, eta hori ez dela "gazteoi modu isolatuan ezartzen zaigun" auzi bat; kontrara, "burgesiak langileria osoaren aurka martxan duen makinariaren zati bat" baizik.

Zizurkilgo plazan eskualdeko hamarnaka gazteren presentziarekin emandako prentsaurrekoan, "antolatzeko eta borrokatzeko deialdia" egin zioten "Tolosaldeko gazte langilego guztiari".

Ibilbide luze batean pauso bat gehiago

Tolosaldeko gazte mugimenduko zenbait eragile "elkartzen eta hausnartzen" hasi ziren momentutik, "batasun politiko bat identifikatu eta bermatzeko" beharra azaleratu zela zioten atzo Gazte Fronteko kideek. Hala, azken bi urteetan hainbat topaketa eta eztabaida antolatu dituzte, horiek, "elkartzeko eta antolatzeko tresna" gisara identifikatuz. Atzoko agerraldian pauso bat gehiago eman zuten; eta gazte fronte modura aurkeztu ziren Tolosaldeko honako eragileak: Tolosa, Ibarra eta Aiztondoko gazte asanbladak, Tolosaldeko Ikasle Abertzaleak, Samalda eta Tolosako Neska Taldea.

Krisi kapitalista abiapuntu

Krisi kapitalistaren baitan testuinguratu zuten frontearen sorrera. Hala, krisi garaietan, "burgesiak bere boterea bermatzeko esplotazio formak" areagotzen dituen bezala, "langileriaren kontzientzia pizteko baldintzak" ere agertzen direla aipatu zuten. Testuinguru horretan, gazte langileen "bizi zein lan baldintzen okertzea" ematen dela esan zuten, eta horrekin batera, "esplotazio sistema hau zalantzan jarriko ez duen gazte eredu bat sortzeaz" ere arduratzen dira. Joera despolitizatzaile horren aurkakotasunean kokatu dute, beraz, Tolosaldeko Gazte Frontearen jarduna.