'Langileon interesen alde, klase batasuna’ lelopean, Bilbon blokea osatuko dute osteguneko greba orokorrean

Greba orokorrarekin bat eginez, ostegunean "langile interesen aldeko" bloke propioa egingo dute Bilbon, 11:45ean La Casillatik hasita. Sare sozialen bidez argitaratutako adierazpenean, "gure lan eta bizi baldintzen hobekuntzak lortzeko bitarteko bakarra langile batasunez eta klase independentziaz jardutea" dela adierazi dute. Euskal Herriko koiuntura politikoan azaleratu diren "bi ikuskera politiko kontrajarri" jarri dituzte jopuntuan: "klase ertainaren ikusmoldea, burgesiarekin paktu sozial berri bat eskatzen duena", eta "langileriaren batasun estrategikoa eta organizatiboa berreraikitzea" helburu duena.
Argazki Nagusia
2020ko urtarrilaren 27a

Datorren ostegunean, urtarrilak 30, greba orokorra izango da Hego Euskal Herrian, eta Bilbon (Bizkaia) "langile interesen eta klase batasunaren" aldeko bloke propioa deitu dute "lan politikoan" jarduten duten hainbat eragile sozial eta nazionalek. Langileriaren interesen aldeko ekimen eta mobilizazioak ezinbestekotzat hartu dituzte, "gure lan eta bizi baldintzen hobekuntza errealak gauzatu asmoz, langile antolakuntza indartzea eta hedatzea helburu dutenak".

Greba deialdiarekin bat egin arren, grebaren eta ondorio ekonomiko-politikoen inguruko hainbat elementu mahaigaineratu dituzte blokearen antolatzaileek. Gaur egun, langileriak mundu mailan bizi duen "proletarizazio prozesuari" jarri diote azpimarra, eta Euskal Herrian bizi dugun koiuntura politikoan, "bi ikuskera politiko kontrajarri" daudela azaldu dute: batetik, "klase ertainaren ikusmoldea, burgesiarekin paktu sozial berri bat eskatzen duena", eta bestetik, "langileriaren batasun estrategikoa eta organizatiboa berreraikitzea" bilatzen duena.

Lan eta bizi baldintzen hobekuntzak

Paktu sozial berri horren helburua "Ongizate Estatu" delakoaren "bizi baldintzetara bueltatzea" dela diote deitzaileek, baita horren "izaera mugatua" dela ere; "ez baita bateragarria kapitalaren metaketa beharrak eskatzen duen lanaren berrantolaketarekin". Hala ere, "gure lan eta bizi baldintzen hobekuntzak lortzeko bitarteko bakarra langile batasunez eta klase independentziaz jardutea" dela adierazi dute, "ez delako onargarria langileriaren baitako sektore batzuen hobekuntza materialak sektore kolpatuenen bizkar gauzatzea", eta "ezin ditugulako gure lan eta bizi baldintzen hobekuntzak burgesiaren instituzioen eta borondatearen mende utzi".

Euskal Herriko langileriari greba orokorrera batzera dei egin diote, "Bizkaian langile antolakuntzaren beharra oinarri hartuta jardun politikoa duten eragileei" La Casillatik 11:45ean hasiko den blokean parte hartzeko deialdi berezia egitearekin batera.