AKTUALITATEA / Laneko autodefentsa sareak
Lan-gatazka bat irabaztea lortu du Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sareak
Bi behargin lan-kontraturik gabe ari ziren lanean taberna batean; gainera, ordu estrengatik, hartu gabeko oporrengatik zein kaleratze bidegabeengatik kalte-ordainak zor zizkien nagusiak. Diru hori guztia ordainarazi dio TLASek. Abenduan hasi zuen dinamika bat ordaindu gabeko edota kontraturik gabeko lanak salatzeko.
2022eko urtarrilaren 24
Lan-gatazka bat irabaztea lortu du Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sareak

Azken hilabeteetan lantzen ari zen lan-gatazka bat irabazi duela jakinarazi du Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sareak. Eskualdeko bi langile hiru urtez aritu dira taberna batean kontraturik gabe lanean, eta nagusiak inoiz ordaintzen ez zizkien ordu estrak egitera behartuta zeuden. Bestalde, zegozkien oporrak gozatzeko aukerarik eman ez, eta gainera, lanean egindako ordu horiek ere ez zizkien ordaintzen.

Lan-ikuskaritza tabernara joan zen behin, eta nagusiak orduan kaleratu zituen bi langileak, inolako kalte-ordainik ordaindu gabe. Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sarearekin jarri ziren harremanetan, beraz. Elkarrekin hasitako borrokari esker, nagusiak langileei zor zien diru guztia ordaintzea lortu dute.

Ordaindu gabeko eta kontraturik gabeko lanak salatzeko dinamika

TLASeko kideek dinamika bat jarri zuten martxan pasa den abendu hasieran, egindako lanorduak kobratu ez dituzten edo kontraturik ez duten langileen kasuak salatzeko. Dinamika horren bidez, hain ohikoak diren esplotazio-egoera horiek salatu nahiz horiei aurre egiteko baliabideak zabaltzen aritu dira. Bestelako lan-gatazkei aurre egiteko lanean ere jardun dute; besteak beste, laguntza juridikoa eskainiz edota babes soziala antolatuz.

Dinamika horri amaiera emateko, solasaldi bat antolatu dute datorren otsailaren 2rako. Hitzaldi horri buruzko informazioa sare sozialen bidez zabalduko dute.