AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Otsailean egindako mobilizazioa. ARGAZKIA / Kontseilu Sozialista Sakana
2025/04/02 08:11

Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui lantegian ere pronostikorik txarrenak betetzen ari dira: konkurtso-administratzaileak atzo azaldu zuenez, bi astean sartuko dute enpresa likidazioan. 2024ko azarotik dago hartzekodunen konkurtsoan, ia 50.000 euroko zorra pilatu baitu enpresako zuzendaritzak. Konkurtso-administrazioak joan den martxoan esan zuen jada, inbertitzaileren batek proposamen "bideragarriren" bat egin ezean, berehala eramango zutela likidaziora konpainia. Eta badirudi hala izango dela azkenean, atzera egin baitu Dumarey taldeak eta ez baitago bestelako proposamenik mahai gainean.

Likidazioak azkentzeko lan-erregulazioko espediente bat ekarriko du: hau da, ia 400 langileen kaleratzea eta fabrikaren itxiera. Teorian, eskaera kopuru handia dauka bere gain Sunsundeguik, baina ez omen dauka horri aurre egiteko likideziarik eta modu errentagarrian ekoizteko gaitasunik. Itxura guztien arabera, beraz, apirilaren 14an joko dute likidaziora, eta orduan irekiko da bi asteko kontsulta-aldi bat, behin betiko enplegu-erregulazioko espediente bati buruz. Aurrera egingo balu, apirilaren 30ean sartuko litzateke indarrean azkentzeko neurria.

Sunsundeguiko langileek hilabeteak daramatzate itxieraren eta kaleratze kolektiboaren aurka borrokan, eta horren erakusgarri dira etenik gabe egin dituzten mobilizazioak. Otsailaren 27an edo iazko abenduaren 22an, esaterako, protestak egin zituzten beharginek, Sakanako Kontseilu Sozialistarekin batera. "Kaleratutako langileen bizi-baldintzak ez, langileria guztiarenak daude jokoan", ohartarazi zuten otsaileko elkarretaratzean; hala, borrokara eta "gure miseriarekin aberasten diren instituzioei eta enpresariei aurre egitera" deitu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK