The Champions Burgerreko lan-gehiegikeriak, baieztatuta

The Champions Burger makrojaialdiko langileek jasaten dituzten gehiegikeriak baieztatu dira, Iruñerriko (Nafarroa) Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) azaldu duenez. Joan den urrian izan zen ekitaldi erraldoi horren bigarren edizio bat Iruñerrian, eta "salaketa publikoa eta antolakuntza kolektiboa" uztartu zituen kanpaina bat abiatu zuten LASek, Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak (LAS). Kanpaina horretan, LASekin batera antolatu ziren The Champions Burgerreko bi langile, eta borroka luze baten ostean, emaitzak izan dira: ordaindu egin behar izan diete bi beharginei.

Ekitaldiaren antolatzaileak Aldi Baterako Laneko Enpresa (ETT) batez baliatu ziren, eta, hasieran, uko egin zioten langileei zor zieten ordainsari bat emateari, euren "erantzukizunak saihestuz", LASen esanetan. Egindako borrokari esker, ordea, azkenean soldata horiek ordaintzea lortu dute. 

Hainbatetan salatu dituzte The Champions Burgerreko beharginei ezarritako lan-gehiegikeriak, Iruñean eta Bilbon kasu. Azken berrien ostean, Iruñerriko LASek nabarmendu du behin eta berriz errepikatzen direla urraketa horiek, eta agerian geratu dela "lan-eskubideen urraketa sistematiko baten eredua" jarraitzen duela makroekitaldiak. Azken lorpena ikusirik, baina, LASek aldarrikatu du "langileen antolakuntza independentea" dela "enpresa-zigorgabetasuna borrokatzeko tresna eraginkor bakarra".

Proposamen eta akordio instituzionalak, ezerezean

Autodefentsa Sareak ohartarazi duenez, The Champions Burgerren iazko edizioari begira Iruñeko Udalak eta antolatzaileek lortutako akordioak "paper errea" izan ziren azkenerako, eta bere horretan jarraitu zuten jaialdiari lotutako arazoek eta urraketek: "Esku-hartze instituzionalak ez du arazoa konpondu, baizik eta areagotu eta betikotzen lagundu du". Besteren artean, ekitaldia lekuz mugitzea zen hartutako neurrietako bat, baina LASek seinalatu du tokia aldatzeak ez duela "arazoaren muina konpontzen"; "izan ere, enpresen etekinak maximizatzeko logika nagusitzen eta naturalizatzen da, arazoa beste leku batzuetara eramanez".

Boikot-kanpaina indartsua

Aurreko udazkenean, makrojaialdiaren edizio berria zela-eta, boikot-kanpaina handi bat izan zen martxan Errotxapean, eta bizilagun ugari batu ziren borrokara. Horren erakusle izan zen, esaterako, urriaren 31n egindako manifestazio jendetsua, Boikot Champions Burger lelopean. LASek azpimarratu du iazko borroka horri esker izan dela posible, orain, bi langileek kobratzea. Eta gaineratu du: "Langile-klasearen antolakuntza ez da lantokira mugatu behar, baizik eta bizitzako esparru guztietara hedatu behar da".