Gaur, martxoaren 26an, greba mugagabeari ekin diote Gasteizen (Araba) parkeetako eta gune berdeetako lorezaintzan aritzen diren langileek. Udalak Enviser enpresa dauka azpikontratatuta zerbitzu hori emateko, eta lan-hitzarmen propio baten alde borrokan ari da plantilla, lan-baldintzak hobetu ahal izateko. 90 behargin inguruk jarduten dute lorezaintzan, eta ia guztiek egin dute bat greba-deialdiarekin: bi aste eta erdiko antzinatasuna duten langileak eta enpresako arduradunak baino ez dira lanera joan gaurkoan, langile-batzordearen esanetan.
Gogorarazi dute "oso prekarioak" direla Enviserreko soldatapekoen baldintzak: Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara (LGS) oso larri iristen diren ordainsariak (lan bera egiten duten udal-langileek baino 10.000 euro gutxiago kobratzen dute urtean, haiek baino 100 ordu gehiago betetzen dituzten arren), lanaldi luzeak eta abar. Oraingoz, zuzendaritzak uko egin dio itun propio baten bidez beharginen baldintzak hobetzeari, eta udal-gobernua ere seinalatu du batzordeak: Beatriz Artolazabal zinegotziaren eta gobernuaren "gelditasuna" salatu du.
Gaur goizeko piketeetan, Gasteizko Udaltzaingoak grebalarien aurka jo du, eta "fisikoki eraso egin die", langile-batzordeak azaldu duenez. Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) klase-elkartasuna adierazi die greban dauden beharginei, eta Polizia haien aurka oldartu izana salatu du.
Azpikontratazioa
"Enviserren kasua salatu ditugun azpikontratazioaren ondorioen adibide garbia da", gaineratu du LASek. Gogora ekarri du enpresa horrek lorezaintzako lizitazio nagusiak eskuratu dituela azkenaldian, eta "milioika euro fakturatzen" ari dela horri esker. Dena den, langileei Espainiako Estatuko lorezaintzako hitzarmenaren araberako baldintzak aplikatzen dizkie, soldata baxuekin eta atsedenaldi oso mugatuekin.
Nabarmendu du, horretaz gain, "enpresarien eta instituzioen arteko konplizitatearen eredu ezin hobea" ere badela Enviserrena: "Enpresa EAJko hainbat kargudunek sortu zuten eta urteetan zehar ehunka kontratu publiko lortu ditu kontaktu politikoei esker [...]. Hori gutxi balitz, azpikontrata hori Urbaser taldearen filiala da gaur egun, kontratazio publikotik lortzen dituen milioi askoko etekinak direla-eta, atzetik inbertsio-funts ugari dituen enpresa multzoa". Hortaz, udala ere beharginen egoeraren erantzule modura seinalatu du LASek: "Azpikontratazioaren negozioa sustatzen du langileen ongizatearen kontura".
"Azpikontrata ezberdinetako eta udaleko langileek elkar laguntzea" funtsezkotzat jo du autodefentsa-sareak, guztiontzako baldintza hobeen alde borrokatzeko eta baldintzarik okerrenetan diharduten sektoreak babesteko".