AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020ko irudi bat. ARGAZKIA / Noticias de Navarra
2023/10/27 10:52

Iruñerriko (Nafarroa) Etxebizitza Sindikatuak abuztuaren erdialdean jakinarazi zuen: sindikatuarekin antolatuta zeuden hiru etxe husten saiatu ziren udaltzainak, legez kontra. Izan ere, inolako prozedura judizialik gabe jardun zuten udaltzainek, Pamplona Centro Histórico udal enpresaren jabetzako hiru pisuak husteko. Gertatutakoa gogorarazi eta Iruñeko Udalak (UPN) ere etxegabetzen duela salatu du berriki Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak.

Sindikatuko kideek azaldu dute Poliziak lortu zuela Alde Zaharreko bi etxe hustea, baina hirugarren etxegabetzea geldiaraztea lortu zela, "une horretan barruan zegoen pertsonari esker, eta Etxebizitza Sindikatuak kanpoan bildutako jendearen presioari esker". Gertatu ziren bi etxegabetze estrajudizialek, baina, "etxejabeen inpunitatea erakusten" dutela seinalatu du sindikatuak, "instituzio publikoena barne".

"Etxeak azkar eta zarata handirik gabe hustu nahi zituztelako" izan ziren legez kanpoko etxegabetze horiek, sindikatuaren esanetan. Orain, "beste hainbat urtez hutsik mantenduko" dituztela eta, gero, "esku-hartze urbanistikoen bitartez, etxebizitzaren negozioari ekarpena egiten jarraitzeko" baliatuko dituztela ohartarazi du.

Legez kontrako etxegabetzeak, eta erakunde publikoen ardura

Kaleratzeen gorakada bete-betean, "etxegabetze-praktika estrajudizialak eta sarri legez kanpokoak, kasu honetan bezala, normalizatzen" ari direla nabarmendu dute sindikatuko kideek, eta "proletalgoaren babesgabetasuna handitzen" ari dela ere bai. Gaitzetsi dute, gainera, "etxebizitzarako sarbidea beti diruaren zein kontrol burokratikoaren truke" izaten duela proletalgoak, eta hori betikotzen dutela erakunde publikoek ere. "Instituzio publikoek etxebizitzaren esparruan esku hartzen dutenean, askotariko enpresa zein eragileek bertatik etekina atera ahal dutelako egiten dute", gehitu du Etxebizitza Sindikatuak.

"Etxegabetzeak gora doaz, eta instituzio publikoak ere horren arduradun dira; izan zuzenean etxegabetzeak gauzatzen dituztelako, izan horien areagotzea ahalbidetzen duen egoera juridikoaren zein jabeen inpunitate egoeraren erantzule direlako", seinalatu du. Gehienetan, gainera, instituzio publikoek ez dietela etxegabetutako pertsonei "alternatiba errealik eskaintzen" izan du gogoan. Hala, sindikatuak beharrezkotzat jo du "etxegabetze mota guztien aurka borrokatzea"; "baita instituzio publikoek gauzatzen dituztenean ere, eta ez soilik putre-funtsek edo bankuek gauzatzean". Horregatik jarraituko du, besteak beste, "Iruñeko Udalak etxegabetzeetan duen ardura salatzen".

EZ DAGO IRUZKINIK