AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/18 08:20

Beste etxegabetze posible baten berri eman du Iruñerriko (Nafarroa) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, oraingoan ere, Iruñeko Alde Zaharrean. Bihar goizerako dago ezarrita Sadaha izeneko andre baten eta mendekotasun-maila handia duen bere semearen etxe-kaleratzea, Jarauta kaleko 82. zenbakian. Sindikatuak, baina, desalojoari kontra egitera deitu du: goizeko 07:30erako jarri du atarian elkarretaratzeko hitzordua.

"Astebete eskas pasatu da San Lorentzo kalean modu guztiz irregularrean egindako etxegabetzea salatu genuenetik. Orain, handik 100 bat metrora, beste familia bat dago berehalako etxegabetze arriskuan", jakinarazi dute sindikatuko kideek. Familia aurreko urtearen amaieratik bizi da "nahiko egoera txarrean" aurkitu zuen Jarautako pisu batean, alokairu bat ordainduta, baina iruzur egin zien etxea errentan eskaini zien pertsonak. "Geroago jakin zuten alokairua eskaini ziena ez zela etxearen benetako jabea", azaldu du sindikatuak: "Benetako jabeak salaketa jarri zuen martxoan familiaren aurka, eta aste gutxi batzuen buruan iritsi zen etxegabetze-data".

Arriskuan dagoen familiarentzat "kalitatezko etxebizitza-alternatiba" bat exijitu du sindikatuak, baita desalojoa berehala gera dezatela ere. Aldarrikatu du, gainera, "behin baino gehiagotan erakutsi" duela jada "antolakuntzak eta borrokak etxegabetzeak geldiaraz" ditzakeela, baita "instituzioek irtenbiderik eskaintzen ez dutenean ere".

Kaleratze espresen legea eta paper bustia

Legez ez dituzte Sadaha eta bere semea maizter gisa aitortzen, eta, hori dela eta, ez diete etxegabetzeen aurkako moratoria aplikatzen. "Emakume honek ez du epaiketa baterako eskubiderik ere izan. Etxegabetze-data epaitegian bista bat egin arte atzeratzea eskatu bazen ere, aukera hori atzera bota du epaileak, eta horrela, defentsa juridikoa izateko eskubidea erabat ezerezean geratu da prozedura honetan", diote sindikatuko kideek. Hain zuzen ere, "etxegabetze espresen" neurria (5/2018 Legea) ezarri diote familiari.

"Ez dezagun ahaztu lege hori, beste alderdi batzuen artean, EAJk onartu zuela, eta PSOE alderdi aktiboa izan zela haren tramitazioan", gogorarazi dute: "Eta 'ezkutu soziala' deitu izan denaren neurriei dagokienez, berriro ere egiaztatzen dugu PSOEren sostengu-blokea osatzen duten alderdien propaganda baino ez direla neurriok. Etxegabetzeen moratoria iragazki itzela besterik ez da izan, bide judizialetik egindako etxegabetzeen %70 baino gehiago gauzatzen jarraitzea ahalbidetu duena".

"Etxegabetzeen moratoria ez zen aplikatu urtarrilean Burlatan gelditzea lortu genuen etxegabetzean edo joan den astean San Lorentzo kalean egindakoan, ezta honetan ere, hiru kasuetan etxegabetze mehatxupean dauden pertsonen zaurgarritasuna epaitegietan frogatu den arren", ohartarazi dute Iruñerriko kideek: "Agerian gelditzen da neurri horiek paper bustia besterik ez direla, Estatuaren egiturek jabetza pribatuaren defentsa lehenesten baitute beste guztiaren gainetik". Horri lotuta, beraz, "legearen eta erakundeen aurrean familia honek duen erabateko babesgabetasuna" salatu dute.

Erabateko basakeria, kasuz kasu

"Hiri honetan etxegabetzeekin ikusten ari garen egoera basakeria hutsa da: geroz eta aitzakia gehiagorekin moratoria ukatzen duten epaileak [...], euren defendatuekin kontsultatu gabe zuzenean etxejabeekin moratoria ez aurkeztea adosten duten abokatuak, pertsona bat jakinarazpenik gabe etxegabetzea modu planifikatuan, iturri instituzionaletatik etxegabetutako pertsonen aurkako difamazioak jaurtitzea euren gain ardurarik ez hartzeko, egoitza klinikoak eta hoteletako logeletan aldi baterako egonaldiak [...] familia baten beharrei erantzuten dieten etxebizitza-alternatiba gisa pasaraztea, xantaia eta mehatxu bidez etxegabetzeak modu isilean gauzatzen ahalegintzea, eta instituzioen, polizien, epaitegien zein etxejabeen askotariko abusu gehiago", seinalatu dute sindikatutik.

EZ DAGO IRUZKINIK