AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @Leioatik
2021/03/11 13:19

Hainbat eta hainbat ikasle bildu dira gaur, osteguna, Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) Leioako campusean (Bizkaia) deitutako manifestazioan. UIBk "ikasketen gaineko kontrola bermatzeko" egin du borroka azken hilabeteetan. Horren harira, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) ezarritako ordutegiak salatzeko mobilizatu dira gaurkoan, Ikasketen gaineko kontrola bermatzeko, ekin antolakuntzari! lelopean.

"Ikasle langileoi gure ikasketa prozesuaren eta horren kudeaketaren gaineko kontrola guztiz ukatzen digute", adierazi dute UIBko kideek. Euren esanetan, ordutegien auzia izan da horren adibide nagusietariko bat: "Behartuta gaude behin eta berriz aldatzen dizkiguten egoeretara moldatzera, eta horrek ezinezko bilakatzen du ikasketa prozesua gure beharren arabera egokitzea". Aldi berean, bestelako betebeharrak eta ikasketak uztartzeko aukera "ezabatu" egin dietela ohartarazi dute.

Halako arazoek "ikasle langileak zigortzea" dakarte UIBren ustez, "unibertsitatea baliabide berriak bideratzera bultzatu ordez", salatu dute.

Gaurko mobilizazioaren helburua, aipatutako egoera agerian uzteaz gain, "baldintzen hobekuntzara bidean eskaera zehatzak mahaigaineratzea eta borrokatzea" izan dela azaldu dute. "Klaseak goizez edo arratsaldez soilik eduki nahi ditugu, bien arteko nahasketarik gabe", eskatu dute ikasleek. "Unibertsitateak aipatutako aldaketak egiteko borondaterik adieraziko ez duen honetan, derrigorrezkoa dugu gure indarrak batzea eta gaitasunak biderkatzen joatea", ondorioztatu dute.

ORDUTEGIAK IKASLEEN MESEDERA

UIBk ikasleek egunerokotasunean jasaten dituzten zailtasun eta oztopoak identifikatzeko inkesta bat jarri du martxan ikasturte honetan. Parte hartu duten 350 ikasleen artean, guztiek adierazi dute ordutegiek "haien bizitza mugatu edo baldintzatzen dutela". Ikasleen %28k azpimarratu dutenez, graduetako ordutegiek jarduera politikoa egitea galarazi diete, %22k kirola egiteko ezintasuna nabarmendu dute, eta %14k, berriz, lan egiteko ezintasuna. Horrez gain, hizkuntzak ikasteko nahiz kultur jardueretan, aisialdi jardueretan edo beste ikasketa batzuetan parte hartzeko zailtasunak ere azaleratu dira.

Inkestak ez ezik, ikasleen testigantzak ere jaso ditu UIBk, ordutegi aldaketak eragindako egoerengatik kexu. "Ordutegi aldakorrek ikasketaz kanpoko edozein jarduera egitea oztopatu didate; lan egitea edo familiako kideak bisitatzea, esaterako", adierazi du ikasle batek. Beste batek, aldiz, graduarekin jarraitzeko lana utzi behar izan zuela baieztatu du: "Unibertsitateak eragindako gastuak ordaintzen laguntzen zidan lanak, orain aurrezkiak eta bekako dirua erabili behar ditut, eta hori ez da nahikoa". 

Horren guztiaren aurrean, UIBk "baldintzen hobekuntzara bidean lan egitea" dagokiola azaldu du, bai eta "antolakuntzaren beharra" azpimarratu ere. Horrekin, "borrokara batzeko deia" luzatu diete unibertsitateko langile klaseko kide guztiei.