AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/13 11:29

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) 100 ikasle baino gehiagok agerraldi bat egin dute gaur Leioako (Bizkaia) campusean, Unibertsitateko Indar Batasunaren (UIB) eskutik. Unibertsitateko errektoretzarako hauteskundeen atarian, ikasleen ahotsari egin dio azpimarra UIBk: ikasleek unibertsitatean bizi duten "egoera prekarioa" salatu, EHUk horretan duen erantzukizuna seinalatu eta doako unibertsitatea aldarrikatu du.

Ikasturte honen hasieratik, eta doako unibertsitate batera bidean, bi aldarri nagusi egin ditu UIBk: matrikulak merkatzea eta bekak hobetzea. EHUri exijentzia horiek egiteari begira, sinadura bilketa bati ekin zion duela lau aste, eta arrakastatsua izan da: 10.000 ikaslek sinatu dute bi eskaera zehatz horien alde.

EHU, unibertsitatearen garestitzearen erantzule eta enpresen lagun

UIBk ikasturte hasieratik gaitzetsi du gero eta garestiagoa dela unibertsitatea, eta "zeharka eta zuzenean" ari dela izaten garestitze hori. Zeharka, "ikasleen eta langile-familien erosteko gaitasuna gutxitzen joan delako azken urteotan" eta gero eta txikiagoa delako "unibertsitateko gastuei aurre egiteko gaitasuna"; eta, zuzenean, urtetik urtera matrikulen prezioak eta ikasketa-prozesuaren gastuak igo egin direlako. Horren erantzule zuzena da EHU, UIBren esanetan.

"Nahiz eta EHUren aurrekontuak urtez urte handiagoak izan, ez dugu prezioak jaisteko ez borondaterik ez eta asmorik ikusten", gaitzetsi dute gaur ikasleek: "EHUk ez dauka inolako borondaterik, ez unibertsitatea merkatzeko, ez doakotasunaren bidean pausoak emateko".

Bitartean, gainera, ageriak dira ikasleek bekak lortzeko dituzten zailtasunak. UIBk ohartarazi duenez, %65ek ez daukate beka bat eskatzeko aukerarik, eta eskatzaileen %53ri ukatzen diete dirulaguntza. "Diru hori guztia enpresekin akordioak egitera bideratzen dute", dio UIBk: "Ikasleok baztertzen gaituen eredu enpresariala da EHUn gailentzen ari dena".

Promesa faltsuak hauteskundeetan

Laster izango dira hauteskundeak EHUn, eta UIBk uste du testuinguru horretaz baliatzen ari direla hautagaiak, "promesa faltsuak egiteko eta unibertsitatean bizi dugun errealitatea estaltzeko". Horregatik egin dute gaurko agerraldia ikasleek: benetako egoeraren berri emateko eta unibertsitatearen "aurpegi zuriketa" salatzeko, besteak beste.

"Urte hauetan zehar ikasleokin elkarrizketa ukatu eta gure aldarrikapenak isiltzera Polizia bidali duten bitartean, orain ikasleon botoa eskatzen ari dira", dio UIBk: "1.000 ikaslek baino bozkatzen ez duten fartsa honetan, argi dago ez hautagai batek, ez besteak, ez Ikasle Kontseiluak ez dituztela ikasle langileon interesak ordezkatzen".

Dena ez da troll kontua

UIBk berriz argitu du, hortaz, unibertsitate-eredua ez dagoela ikasleen mesederako eginda: "Ikasleoi nahiz familiei gero eta zailagoa zaigu matrikulak zein bestelako gastuak ordaintzea, lana eta ikasketak uztartu behar ditugu maiz, familiako aurrezkiak xahutu… Horiek dira gure kezkak, hauteskundeetako hautagai batek troll kontu bat izateaz haratago".

Ikasleak kexu dira, ematen duelako "morboa duten gauzek bakarrik axola dutela": hauteskunde-kanpainaz edo aipatutako troll kontuaz baino ez dira mintzo asko. "Bitartean, ikasleon eta langileon arazoez nor mintzo da?", galdegin du UIBk: "Irtenbidea ez da bestelako errektoretza bat, fokua EHUko milaka ikasleen eta langileen baldintzetan jarri behar dugu".

Argi beste behin ere: matrikula merkeagoen eta beka hobeen alde

Gaurko agerraldia probestu du UIBk ikasturte hasieratik egiten ari den bi exijentziak indartzeko: matrikula merkeagoak eta beka hobeak aldarrikatu ditu. Lehenengo auziari dagokionez, beharrezkotzat jo du bigarren matrikulazioan lehen matrikulazioko prezio berak aplikatzea, praktiketarako matrikulazioa doakoa izatea, eta masterren matrikulazioaren prezioa jaistea. Bigarren auziari dagokionez, berriz, etxebizitza- eta garraio-bekak hobetzearen alde egin du, baita ikasleei praktikak ordaintzearen alde ere.

"Unibertsitaterako sarbidea guztiontzat egon beharko litzateke bermatuta eta unibertsitateak langileon interesetara egon beharko luke", laburbildu du UIBk: "Guztiontzat izango den doako eta kalitatezko unibertsitatearen alde egiten dugu eta, norabide horretan, horiek dira EHUri egiten dizkiogun exijentziak".

Abisu eman dute ikasleek, gainera: "Gure aldarrikapenei, orain arte bezala, jaramonik egin gabe jarraitzen badute, argi eduki dezatela mobilizatzeari ekingo diogula. Milaka ikasleren indarrak batuta posible delako gauzak aldatzea eta doako unibertsitatera bidean pausoak ematea".

EZ DAGO IRUZKINIK