UIBk 'Ekin antolakuntzari' kanpaina aurkeztu du, pandemiak unibertsitatean eragindako egoerari aurre egiteko eta lan- zein ikas-baldintzen defentsan

UIBko kideek adierazi dutenez, ikasturte hasieran aurkeztutako hamabi eskakizunak oinarri, "campusetan antolatzeko eta borroka prozesuak irekitzeko apustua" egin dute. Antolakuntzari ekitearen garrantzia azpimarratu dute, "unibertsitateko langile sektoreen beharrei" erantzutea helburu.
Argazki Nagusia
Argazkia: Leioatik!
2020ko azaroaren 5a

Gaur egun campusetan bizi duten egoeraren inguruko irakurketa plazaratu du Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB). Unibertsitateko erabakimen organoek harturiko neurriek bertako "langile sektoreen baldintzen kaskartzea" ekarri duela salatu du, hala. UIBren esanetan, baldintzen okerragotze horren adibide dira, besteak beste, "segurtasun bermerik gabeko itzulera klaseetara" edota "askatasun politikoen urraketa".


KANPAINA POLITIKO OROKORRA


UIBtik adierazi dute "egoera jasanezin honi erantzuteko aukera politikoa" mahaigaineratu dutela aldi oro. Hain zuzen ere, ikasturte hasieran hamabi eskakizun aurkeztu zituzten, "langile klasearen defentsa egiteko" eta "haren beharrei erantzuteko". Kanpaina politiko orokor bat jarri dute martxan oraingo honetan, aipaturiko eskakizunak bide-orri hartuta.


CAMPUSETAKO BORROKAK ETA ANTOLAKUNTZAREN BEHARRA


Campusetako egoeraren gaineko ikerketa bat egiten ari dira UIBko kideak, "behar ezberdinak identifikatzeko" eta horiei "erantzun bat emateko". Horrela, borroka prozesuak irekitzeko asmoa erakutsi dute, "baldintza zehatzen hobekuntza" lortzeko bidean. Ikasturte osora begirako planteamendua dela azaldu dute, "unibertsitateko langileriaren antolakuntza forma egonkorrak osatzea" helburu nagusietako bat izanik.

"Egoerak okerrera egingo du zentzu askotan, ez dugu zalantzarik, baina baldintzen okerragotze horren aurrean, programa baten baitan unibertsitateko langile klasearen defentsan antolatzea beste aukerarik ez dugu", azaldu dute.