AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Estrategia Empresarial
2025/01/28 09:21

Joxerramon Bengoetxea da, ofizialki, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) errektore berria, Eva Ferreiraren agintaldiari amaiera emanez. Irundarrak atzo hartu zuen kargua Ajuriaenean (Gasteiz, Araba) egindako ekitaldian, Imanol Pradales lehendakari jeltzalearen eskutik. Lehenengo aldiz, sei urteko iraupena izango du errektorearen agintaldiak. Ferreirak errektore gisa egindako lana eskertzeaz gain, "askatasun akademikoa" eta "espiritu kritikoa" aldarrikatu zituen Bengoetxeak kargu-hartze ekitaldian, eta EHUk "itsasargi" bat izan behar duela adierazi zuen. Horretaz gain, gero komunikabideen aurrean hitza hartzean, esan zuen "konfiantza" duela Eusko Jaurlaritzak egindako promesetan, finantziazioari dagokionez adibidez.

Iazko azaroaren 26an izan ziren errektoretzarako hauteskundeak, eta, beste behin ere, abstentzioa izan zen nagusi. Aurreko bozetan ez bezala, oraingoetan bi hautagaitza (Bengoetxea eta Ferreira) aurkeztu izanak parte-hartzea zertxobait igotzea ekarri bazuen ere, azkenean, erroldatutakoen %22k baino ez zuten bozkatu. Ikasleen artean izan zen nabarmenena abstentzioa: botoa ematera deituta zegoen sektorerik jendetsuena izan arren (erroldatutako 50.590 pertsonetatik 42.837 dira ikasleak), %85,4 abstenitu ziren.

Programa

Bengoetxea buru duen errektoretza-taldeak hauteskunde-kanpainan aurkeztu zuen Denon artean programa, eta hainbat erronka zehazten ditu bertan. Teorian, ondoko erronkei heldu nahi die errektoretzak: ikasleek ordaindu behar dituzten matrikula-tasak negoziatzea, ordezko langileen kontratuak eta orokorrean unibertsitateko lan-baldintzak hobetzea, klaustroaren funtzionamenduan aldaketak sartzea, diskriminazioari aurre egitea eta abar. Orain, ikusteke dago zer egiten duen hitzemandako bide-orri horrekin, eta nola ezarriko duen datozen sei urteetan.

UIB: bekak eta matrikulak hobetzeko borroka

Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) ikasturtearen hasieran ekin zion kanpaina bati, EHUri exijitzeko ikasleen bekak hobetu ditzala eta matrikulak merkatu ditzala. Hauteskundeetan parte hartu zuten ikasleen bikoitzak baino gehiagok babestu dituzte eskaera horiek, 10.000k baino gehiagok hain zuzen ere. UIBk abenduan deitu zuen errektoretza berria negoziazio-mahai bat sortzera, doako unibertsitatera bidean urratsak egiteko. "Errektore berriak hauteskunde-kanpainan zehar hainbat promesa egin ditu, matrikulak merkatu eta bekak hobetuko dituela esanez eta ikasleon baldintza politikoak hobetuko dituela esanez", azaldu zuen plataformak.

EZ DAGO IRUZKINIK