AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / ELA
2025/09/15 11:30

Gasteizko (Araba) lorezaintzako langileek beste 5.098 sinadura entregatu dizkiote udalari, lan-gatazkan konponbide baten alde esku hartu dezala exijitzeko. Duela hilabete inguru 2.506 sinadura eman zizkioten, eta beraz, denera, 7.690 pertsonaren babesa lortu dute lorezainek. Gaur, astelehenez, kontzentrazio bat egingo dute arratsaldeko 19:30ean, Esmaltacioneseko biribilgunean. 

Beharginek Enviser enpresarentzat jarduten dute lanean, udalak azpikontrataturik, eta bost hilabete eta erdi daramatzate greban, lan-baldintzak hobetzeko itun baten alde. Hala ere, greba zapuzteko saiakerak jasaten ari dira enpresaren, udalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren partetik, eta joan den ostiralean egindako agerraldian, berriz salatu zuten euren greba-eskubidea urratua izaten ari dela. Izan ere, duela bost egun adibidez, udalak kontratatutako kanpoko langile batzuk aritu ziren Olarizko zelaietan lanean, udaltzainek babesturik. "Oso larria da enpresa pribatu batek grebalariak ordezkatzea, baina udala bezalako administrazio publiko batek hala jokatzeak muga guztiak gainditu ditu", esan zuten ostiralean sindikatuek.

Grebalariek berriz eskertu zuten hilabete hauetan guztietan hamaika kolektiboren eta herritarren aldetik jasotako babesa. Dena den, udalak euren aurka egindako "etengabeko kriminalizazio saiakerak" gaitzetsi dituzte lorezainek, azken salaketa poliziala kasu: Beatriz Artolazabal zinegotziak (EAJ) salaketa bat aurkeztu du Polizian, bere etxe inguruan agertu diren eskuorri batzuk direla-eta. Bere erantzukizuna seinalatzen zuen propaganda horrek, eta faxistatzat jotzen zuen jeltzalea. Politikariak lorezainen aldarriak komisariara eramaten dituen bigarren aldia da.

EZ DAGO IRUZKINIK