AKTUALITATEA
Bizkaiko eraikin publikoetan garbiketa-lanetan jarduten duten beharginek grebara jo zuten atzo, eta lau egunez mantenduko dute lanuztea: azaroaren 17an, 18an, 19an eta 20an greba egitera deitu zuen ELA sindikatuak. Horiek horrela, protesta bat egin zuten atzo langileek Bilboko kaleetan, Bizkaiko garbikuntza borrokan! lelopean.
Besteak beste, soldata-arrakalari aurre egiteko neurriak (normalean, kale-garbiketan aritzen diren langileek baino gutxiago kobratzen dute eraikinetakoek, urtean 18.000 euro inguruko soldatekin), partzialtasunaren kontrakoak eta bete gabeko lanpostuak betetzeko sistema bat eskatzen dituzte, erabat feminizatuta dagoen sektore batean.
2026an, beste hamazazpi egunez egon dira greban sektoreko langileak, eta ELAk jakinarazi du urte eta erdi baino gehiago eman duela JADA Bizkaiko hitzarmena negoziatzen: ASELBI-CEBEK eta ASPEL patronalek (FCC, ISS, EULEN, SERVEO edo CLECE-ZAINTZEN enpresak daude haien atzean, esaterako), ordea, langileen eskaerak kontuan hartu gabe eta proposamen urriak mahaigaineratzen jarraitzen dute. "Egungo hitzarmenak jasotzen dituen osagarri garrantzitsuenak okertu nahi dituzte", dio ELAk. Azaroaren 24an bilduko dira berriz patronalekin, eta posible da horren ostean mobilizazio gehiago etortzea.
Duela gutxi, Bilboko udal-eraikinetako garbiketako langileek egin dute greba, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. 400 bat langile dira hiriburuan.