Aurreko astean jakinarazi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru pertsona auzipetu dituela Miguel Angel Blancoren hilketaren harira: Marixol Iparragirre eta Josetxo Arizkuren preso politikoak, eta Mikel Albisu preso politiko ohia. ETAren batzorde exekutiboko kidetzat hartzen dituztenez, Ermuan (Bizkaia) PPko zinegotzia izan zenaren hilketan eduki zuten ustezko erantzukizuna ikertu nahi du auzitegiak, Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako kereila baten ondorioz.
Manuel Garcia epaileak Iparragirre eta Albisu deklaratzera deitu ditu jada: uztailaren 21ean hitz egin beharko dute epailearen aurrean, 12:00 eta 12:15 artean.
Arizkurenek deklaratzea ere nahi du epaileak, baina horretarako, Frantziako Estatuari eskatu behar dio baimena, hura Espainiaratu izanaren arrazoiak zabaldu ditzan. 2006an estraditatu zuen Arizkuren Frantziak, eta gaur egun, Iruñean (Nafarroa) daukate preso.
ETAren zuzendaritzako kidetzat jotzen dituzten hainbat pertsona auzipetzeko salaketak aurkeztu izan ditu aurretik Dignidad y Justiciak. Asmoa da, funtsean, hainbat ekintzaren "egile materialak" ez izan arren, "organo exekutiboko" kideen ustezko ardura zigortzea, ekintza horiek ekiditeko "benetako gaitasuna" izan arren ez zutela esku hartu argudiatuta.
Blancoren hilketa dela-eta abiatutako prozeduran Iñaki Garcia ere seinalatzen zuten, baina epaileak ebatzi du preskribatuta daudela bere ustezko delituak. Asier Oiartzabal, Juankar Iglesias, Vicente Goikoetxea, Jokin Etxebarria eta Carlos Ibarguren ere salatu zituen Dignidad y Justiciak, baina haiek ez dituzte auzipetu.