AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Pankarta bat, joan den astean. Argazkia: Lizarraldeko GKS
2022/06/07 10:07

Puzten jarraitzen du soldatapean lanean ari zirela bizia galdu duten langileen zerrendak. Atzo, ekainaren 6an, beste lan-heriotza bat izan zen gurean: aurreko hilabetetik Zainketa Intentsiboen Unitatean zegoen behargin bat hil zen Nafarroako Unibertsitate Ospitalean. Maiatzaren 20an izan zuen lan-istripua Ollokiko (Nafarroa) Cinfa laborategietan; antza, hiru metroko altueratik erori zen eta traumatismo handi bat jasan zuen. Hainbat astez ospitalean izan ostean, atzo zendu zen. 60 urte zituen.

Atzo, gainera, lan-istripu larri bat izan zen Garesen (Nafarroa). Putzu bat garbitzen ari zirela zorabiatu ziren bi langile, gas metanoa arnastuta. Bertan hil zen bietako bat, eta handik zenbait ordura bestea, erietxean.

Azken egunetan, gutxienez zazpi langilek galdu dute bizia Euskal Herrian soldatapean lanean ari zirela. Atzo hil ziren hiru beharginez gain, beste bi lan-heriotza izan ziren aurreko ostiralean: bihotzekoak jota zendu zen denda bateko langile bat Bermeon (Bizkaia), eta traktore batek harrapatuta hil zen laborari bat Uztaritzen (Lapurdi). Bestalde, aurreko ostegunean, aldamio batetik jausi eta bizia galdu zuen behargin batek Garesen, eta asteazkenean, traktore batekin istripua izanda hil zen beste laborari bat Duzunaritze-Sarasketan (Nafarroa Beherea).

2022. urtea hasi zenetik, gutxienez 35 lan-heriotza atera dira argitara Euskal Herrian.

EZ DAGO IRUZKINIK