Gaur hasiko da BBK Live jaialdi erraldoia Bilbon (Bizkaia), eta ohi bezala, ekimenaren eta makrojaialdi-ereduaren aurkako aldarria ozen entzun ahal izango da egun hauetan. Bilbon bertan, Bilbao BBK Liven kontrako kritika erdigunean ipintzeko hainbat deialdi egin dituzte zenbait kolektibok, tartean Aurkak, Sarean Guneak eta Espora Espazioak.
Aurka kolektiboak, esaterako, egitarau berezi bat egingo du gaur Bilbiko plazan. Bi mahai-inguru antolatu ditu arratsalderako: 17:00etan, Bilboko eta Euskal Herriko kultur-eredua nola aldatu den aztertzeko saio bat izango da, Garazi Pascual, DDT Banaketak eta Sarean Gunearen eskutik. Horren ostean, 18:30ean, musika-kolektiboen erronkei buruzko hausnarketa bat eskainiko dute Aurka, Afterpost eta Hil da Laboa taldeek. Jarraian, Grapa eta Akëer taldeak arituko dira zuzenean Bilbin.
Bihar eta etzi, berriz, Sarean Gunean eta Kampai Espazioan izango dira ekimen ugari, Sareanek eta Esporak antolatuta: Kris II, Udda, Chikawaii, Niebla Fascista, Leire Aranbarri eta abarren musika-emanaldiak, bazkaria Bilboko Afari Transfeministen eskutik...