AKTUALITATEA / Lan-erailketak
Beste bi langile hil dira lan-istripuz, Garesen eta Bermeon
Señorio de Sarria lantegian jazo da Garesko lan-istripua, eta langile bat hiltzeaz gain, larriki zauritu da beste bat. Bihotzekoak jota zendu da, bestalde, Bermeoko langile bat, soldatapeko lanean ari zela.
2022eko ekainaren 6
Beste bi langile hil dira lan-istripuz, Garesen eta Bermeon

Lan-istripu larri bat izan da gaur goizean Garesen (Nafarroa) eta, ondorioz, bizia galdu du langile batek eta larriki zauritu da beste bat. Antza, Señorio de Sarrian —esnea ekoizten duen fabrika bat— dagoen minda putzu huts bat —gaur egun hutsik dagoena— garbitzen ari zirela zorabiatu da beharginetako bat, han zegoen gas metanoa arnastuta; itota hil da. Lankideari laguntzen saiatzeko, putzura sartu da beste behargina, baina zorabiatu egin da bera ere. Larrialdi-zerbitzuetako langileak iritsi diren unerako, hilda zegoen aurreneko langilea, eta larriki zauriturik bigarrena.

Nafarroako herri horretan bertan beste lan-istripu larri bat izan zen aurreko astean eta, ospitaleratu zuten arren, duela hiru egun hil zen erietxean. Aldamio batetik erori zen 58 urteko gizona.

Ostiralean, gainera, beste lan-heriotza bat izan zen Bermeon (Bizkaia), Coviran supermerkatuan, hain zuzen ere. 50 urteko gizon bat bihotzekoak jota hil zen; hala, sindikatuen arabera, aurten lan-istripu ez traumatiko batean hil den 11. langilea izan da Euskal Herrian.

Modu horretan, eta iturri sindikalek diotenez, aurten, gutxienez 34 langilek galdu dute bizia Euskal Herrian soldatapeko lanean edota lanera bidean.