AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / UPV/EHU
2022/10/11 19:50

Elektrizitatearen fakturan aurrezteko hainbat neurri espero dira Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatean eta Mondragon Unibertsitatean (MU), baina unibertsitate publikoan izango dira murrizketarik gogorrenak. Berogailua 19 graduko tenperatura maximoarekin eta egunean bi ordu gutxiago piztuko dute hainbat hilabetez, eta larunbatetan ez da liburutegi zerbitzurik izango. Horretaz gain, leihoak eta ateak ixtea ere aztertzen ari dira, "bero-galerak saihesteko". Berehala igorriko dute agindua EHUren fakultate guztietara, 35.000 ikasleren, 5.500 ikerlari zein irakasleren eta bestelako 1.900 langileren kalterako.

Izan ere, EHUren argindar-fakturak ia hirukoiztu egingo dira urte amaierarako, aurreikusi dutenez. Ohiko gastua 5 milioi euro ingurukoa bazen, 2016an eta 2017an 5,3 milioikoa izatera igaro zen. Aurten, ordea, bikoitza baino gehiago izango da; 13 milioi ingurukoa. Dena den, murrizketekin ere "gastu handiak" espero dituzte; are gehiago, finantzazio-iturriak "murritzak" direla jakinik. "Garai oso zaila biziko dugu ", aitortu diote EHUko eledunek prentsari.

Iazko apirilean hasi ziren murrizketekin, izan ere, energia-gastuetarako aurreikusitako aurrekontua agortu zen. Horrenbestez, berogailua eguneko une jakin batzuetan itzaltzea, zentroen irekierarako zein itxierarako orduak moldatzea, abuztuan campusak bi astez ixtea eta irakasleei bulegoetan gailu elektroniko pertsonalen erabilera mugatzea erabaki zuten.

Neurri horiek argindarraren kontsumoa %7,5 eta %10 artean jaitsi bazuten ere, ez zuten arazoa konpondu, fakturen prezioak gorantz jarraitu baitu. Gauza bera gertatzen da gasarekin, eta aurreikuspenen arabera, energiaren kostuak 2 eta 2,5 artean biderkatuko dira 2021eko zenbatekoekin alderatuta.

EZ DAGO IRUZKINIK