Ez da arnasik Hego Euskal Herriko osasungintza publikoan. Osakidetzan, esaterako, gainezka jarraitzen dute ospitale nagusiek. Txagorritxun (Gasteiz, Araba) krisi betean daude une honetan: azken murrizketen ostean, berriki jakinarazi dute oheak falta direla eta paziente onkologikoak baino ez direla hartzen ari. Ospitaleratuak izan behar luketen beste pertsonak euren etxeetara ari omen dira bideratzen, bertan ingresatzeko eta artatzeko.
Osakidetzaren parte diren gainerako ospitale nagusietan ere muturrekoa da hainbat alorretan bizitzen ari diren egoera. Gurutzetan (Barakaldo, Bizkaia) gain hartuta daude larrialdi-zerbitzuan, eta gutxienez 28 paziente daude ospitaleratuak izateko zain, horietatik hamahiru egoera larrian. Galdakao-Usansolon (Bizkaia) eten egin behar izan dituzte kirurgiak, mediku-altak ematea azkartu behar izan dute, eta leporaino segitzen dute larrialdietan, iaz baino %10 mugimendu handiagoarekin. Mendaron (Gipuzkoa) ere kirurgiak moztu behar izan dituzte, oheak beste patologia batzuen trataerara bideratu ahal izateko.
Donostian (Gipuzkoa) zortzi ordurainokoak dira larrialdi-zerbitzuetako itxaronaldiak, eta batez beste 300 larrialdi artatzen ari dira egunean. Basurtun (Bilbo, Bizkaia), bestalde, langile zeladoreak ere gainezka daude, eta nabarmen egin du gora euren lan-kargak.
Itxaron-zerrenda luzeak Nafarroan
Nafarroako Osasun Sailak baikortasunez eman du osasun-sare publikoko itxaron-zerrenden berri, aitzakiatzat hartuta bereziki hilabete zaila izaten dela urteko azkenekoa, abendua. Gobernuak emandako datuen arabera, 2024. urtea amaitzear zenean, "soilik" 116 pazienteko igoera bat izan zen: 61.126 pertsona zeuden espezialista batek lehenengo aldiz ikusteko zain. Abenduan bertan, itxaronaldia egun bat jaitsi zela nabarmendu dute, baina horrek ez du itxarotea inola ere arindu: batez beste, 75 egunez egon behar da zain espezialista batek aurrenekoz artatzeko.
Kirurgia-beharren alorrean, baina, handiagoa izan zen gorakada iazko abenduan. Urtea bukatzerako, 358 pazientekoa izan zen igoera, eta beraz, errekor guztiak hautsita, 10.535 lagun zeuden ebakuntza bat egiteko esperoan. Operazio baterako itxaron behar den batez besteko denbora astebete luzatu zen abenduan, 94 eguneko epera iristeraino. Urtebeteko bilakaerari erreparatzeak ematen du kezkatzeko arrazoirik, gainera: 2024. urtea bukatzean (abenduan) urtea hastean (urtarrilean) baino 2.000 paziente gehiago zeuden ebakuntza bat egiteko zain.