Osakidetzan, bost-greba egunen berri eman zuen atzo gehiengo sindikalak (Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT): osasun-sistema publikoko lan-sektore guztientzako hobekuntzak eskatzeko, greba egingo dute urriaren 30ean eta abenduaren 9an, 10ean, 11n eta 14an. Urriaren 30eko eta abenduaren 14ko lanuzteak orokorrak izango dira, baina lurraldekakoak gainerako hirurak (abenduaren 9koa Araba mailakoa, 10ekoa Bizkaikoa eta 11koa Gipuzkoakoa).
"Benetako edukiak" landuko dituen "benetako negoziazio" bat exijitu dute sindikatuek, eta gutxiengoan dagoen Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME, gazteleraz) eta EAEko Osasun sailburu Alberto Martinezek uztailean sinatutako akordioa kritikatu dute, soilik medikuentzako hobekuntzak jasotzen dituela argudiatuta. "[Osakidetzak] Kontrako itxura eman nahi izan badu ere, gaur egun ez dago mahai gainean inolako proposamenik lan-baldintzen akordioa eguneratzeko eta langileen ordainsariak hobetzeko", gaineratu dute.