AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/10 07:53

Atzo jakin zen behin betikoa dela BSH enpresako zuzendaritzaren erabakia: Ezkirozko (Nafarroa) fabrika itxiko du, 655 langile kalean utziz. Horren berri izan eta biharamunean, piketeek hartu dute lantokia. Goizeko 05:00etatik blokeatu dute sarrera, itxieraren aurka protesta egiteko, Epe + = Etorkizuna lelopean.

Barrura sartzea oztopatu diete kamioiei, eta enpresako zuzendari nagusia bertaratu denean ere, sartzea galarazi diote beharginek. Horretarako, eserialdi bat egin dute. Foruzaingoa, baina, bertan zen lehen unetik, eta indarrez kendu ditu langileak sarreratik, eserialdia deseginez.

Horren ondoren asanbladan bildu dira langileak, eta hitza hartu dute langile-batzordeko hainbat kidek. Borroka egitera eta batasunera deitu dute: "Gatazka hau bistaratu behar dugu. Fabrika itxiko digute, guztiok bizia utzi dugunean bertan. Eta orain langabeziara bidali nahi gaituzte. Eta ezagutzen ditugu [enpresako zuzendaritzakoak], miserableak dira, zikoitzak dira, eta ez dezala inork pentsa ezer emango digutenik borrokatu gabe".

BSHko langileekin klase-elkartasunez, Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareko (LAS) hainbat kide ere goizean goiz bertaratu dira piketeetan parte hartzera. 

EZ DAGO IRUZKINIK