AKTUALITATEA / Soldata sistema
Hainbat langilek Getxoko taberna batean jasandako esplotazioa eta sexu-erasoak argitaratu dituzte
Hainbat emakume langile esplotatu dituzte: asteko zazpi egunetan eta hamar orduko lanaldietan aritu behar izan dute, hilean 800 euro baino gutxiagoren truke. Esplotatzaileetako batek, gainera, sexu-erasoak egin dizkie beharginei.
2024eko urriaren 11
Hainbat langilek Getxoko taberna batean jasandako esplotazioa eta sexu-erasoak argitaratu dituzte
— ARGAZKIA EITB

Hiru pertsona atxilotu dituzte, bi gizon eta emakume bat, Getxoko (Bizkaia) taberna batean hainbat emakume esplotatzeagatik. Kontraturik gabe behartu dituzte lan egitera, eta baldintza negargarrietan: asteko zazpi egunetan eta hamar orduko lanaldiekin jardun dute, atsedenik gabe. Hilean 800 eurora ere iristen ez ziren soldatak ordaindu dizkiete, aurrez 1.000 euroko ordainsariak hitzeman arren.

Tabernaren jabeak, gainera, sexu-erasoak ere egin dizkie esplotatutako emakumeei. Ukituak egin izan dizkie, baita etengabeko eskaintza sexualak ere, xantaiari lotuta: berekin sexu-harremanak izanez gero, euren senideei hona migratzen lagunduko ziela esaten zien erasotzaileak.

Badirudi pertsona migranteak direla biktimak, eta sei direla gutxienez. Ez daukate legezko bizileku- edo lan-baimenik gaur-gaurkoz.