AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Yolanda Diaz Lan ministroa.
2022/02/08 09:11

Espainiako Gobernuak aurreko astean lortu zuen Diputatuen Kongresuak lan erreforma onartzea, eta SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren eguneratzeari heldu dio orain. Elkarrizketak hasi ditu CCOO eta UGT sindikatuekin nahiz CEOE eta Cepyme patronalekin, eta bi sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dutenez, gobernuak eskaintza bat jarri du mahai gainean: gutxieneko soldatari 35 euroko igoera ñimiño bat ezartzea proposatu du. Hala, 1.000 eurokoa izango litzateke gutxieneko soldata (hilean 965 euroko hamalau ordainsari).

Igoera horrek, noski, ez lioke inola ere aurre egingo inflazioari. Gutxieneko soldata 35 euro haztea %3,6ko igoera bat izango litzateke, baina urte arteko inflazioa %6,5ekoa zen iazko abenduan, Berria-k jakinarazi duenez.

"Sindikatuek beti gehiago nahi dute, eta enpresaburuek gutxiago. Nik aldeen arteko oreka pixka bat bilatzen dut", esan du Yolanda Diaz Lan ministro eta presidenteordeak, gutxieneko soldatari buruzko elkarrizketen harira.

Antonio Garamendi CEOEko presidenteak aurreko astean adierazi zuen "enplegua asko uzkurtzea" eragin dezakeela gutxieneko soldata igotzeak. Cepymek eta Randstad Research-ek egindako ustezko ikerketa baten arabera, gutxieneko soldataren igoerak "eragin negatiboa" izango luke lan-merkatuan; hain justu, "60.000 eta 130.000 lanpostu artean" ukituko lituzke.

Erabakia, asteazkenean

Gobernuak egindako proposamena aztertuko dute orain sindikatuek nahiz patronalek; asteazkenera arte izango dute horretarako denbora. Asteazkenean 17:00etan bilduko dira berriz gobernua, sindikatuak eta patronalak. Dena den, izatez, gobernuak bere kabuz erabaki dezake gutxieneko soldata, eta mahai horren onarpenik gabe ezar ditzake aldaketak.

EZ DAGO IRUZKINIK