AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2025/07/15 07:44

Greziako Parlamentuan aurreko ostegunean eztabaidatu zuten Kyriakos Mitsotakisen gobernuak bultzatutako lege-zuzenketa baten inguruan. Proposamen horrek eten egiten du, Afrika iparraldetik itsasoz eta bizileku-baimenik gabe immigratzen duten pertsonen kasuan, Grezian asiloa eskatzeko duten eskubidea, gutxienez hiru hilabetez. Thanos Plevris Migrazio ministroaren arabera, "modu irregularrean sartzen direnentzat ez dugu asilo-eskaerarik onartuko. Atxilotu eta jatorrizko herrialdeetara itzuliak izango dira".

Espero da neurria Demokrazia Berria alderdi kontserbadorearen gehiengo absolutuari esker onartzea, Kreta uhartera iritsitako pertsonen kopuruak gora egin duela probestuta; izan ere, 2.000 pertsona baino gehiago jaso dituzte bertan azken astean, eta 9.000 inguru urtarriletik.

Zuzenketa legalak ezartzen duenez, migratzaileak erregistroetan jaso gabe kanporatuko dituzte zuzenean, eta "atxiloketa-zentro bereziak" sortuko dituzte Afrika iparraldetik Greziara heltzen diren pertsonentzat, batez ere Libiatik. Greziako Gobernuak dagoeneko existitzen diren estatu-instalazioak atxilotze-zentro bihurtzea aurreikusten du, baita "atxiloketa administratiboa" hemezortzi hilabetera arte aplikatzea ere, Europar Batasuneko araudiari helduz.

Gainera, lege-proiektu bat izapidetzen ari dira, behin asilo-eskaera ukatu ondoren, Grezian geratzen diren pertsonei kartzela-zigorrak ezarri ahal izateko. Baldintzapeko askatasunik gabeko bost urteko espetxealdiak aurreikusi dituzte haientzat, beren jatorrizko herrialdera "borondatez" itzultzen ez badira.

Proposatutako azken neurriek kezka sortu dute, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 19. artikuluarekin talka egin dezaketelako. Artikulu horrek debekatu egiten ditu kanporatze kolektiboak eta pertsonak tortura edo tratu ankerrak jasan ditzaketen herrialdeetara itzultzea. Greziako Gobernuaren arabera, erabakia "ezohiko egoera baten aurrean hartutako beharrezko erantzuna da", eta, behin-behinean, migratzaile-sektore horrentzako asilo-eskaerak bertan behera utzi dituela jakinarazi dio jada Europako Batzordeari.

Bien bitartean, Erresuma Batuak eta Frantziako Estatuak migrazio-akordio pilotu bat iragarri dute, Mantxako kanala pateran zeharkatzen duten agiririk gabeko migratzaileak elkarri itzultzeko, "asilo-eskatzaileak bide legal eta kontrolatuetatik onartzearen truke".

EZ DAGO IRUZKINIK