AKTUALITATEA
Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Greziak eta Herbehereek atzo Vienan iragarri zutenez, negoziazio konkretu batzuk hasi dituzte Ruandarekin, Europar Batasuneko lehen deportazio-zentroa sortzeko asmoz. Proiektu pilotua 2027ko udaberrian edo udan jar daiteke martxan, eta 100 pertsona inguru barneratuko lituzke hasiera batean (20 lagun inguru aipatutako herrialde bakoitzeko). Pertsona horiei guztiei asilo-eskaerak ukatu dizkiete behin betiko, baina, Euronews-en arabera, ezin dituzte zuzenean euren jatorrizko herrialdeetara deportatu. Momentuz, ez dago zentroa martxan dagoela edo lekualdaketaren bat egin dela seinalatzen duen informaziorik. Hala ere, Migrazioari buruzko Vienako Konferentzian, aipatutako iragarpena egin zuten formalki, eta 2027. urtea markatu zuten helmuga gisa.
Bost herrialde horiek hilabeteak daramatzate plana prestatzen. Joan den irailean Kigali bisitatu zuten, xehetasunak negoziatzeko, eta Kopenhageko goi-bilera batean, helburutzat jo zuten urtea amaitu baino lehen hirugarren herrialde batekin akordio bat ixtea. Ruanda aukeratu zuten, Uganda eta Uzbekistan bezalako beste hautagaitzen aurrean gailendu zelako, hainbat iturriren arabera.
Ekainean, itzulerei dagokienez Europako araudia erreformatzea onartu zuten, eta horretan oinarritzen da Ruandako deportazio-zentroaren eredua. Lehen aldiz, hirugarren herrialdeetan itzulera-zentroak ezartzea ahalbidetzen du, eta ez du aurreikusten Ruandan asilo-eskaerak tramitatzea: prozedurak Europan egiten jarraituko lirateke. Deportatutako pertsonek "egoitza-baimena" izango lukete Ruandan eta "askatasunez mugitu eta lan egin ahal izango lukete", jatorrizko herrialdeetarako deportazioa antolatzen den bitartean. Olivier Nduhungirehe Ruandako Kanpo Arazoetako ministroak azaroaren 4an berretsi zituen Danimarkarekin izandako elkarrizketak, eta "harrera-zentro" terminoa defendatu du Kigalik, "kanporatze-zentro" terminoaren aurrean.
Alexander Dobrindt Alemaniako Barne ministroak ekimena bultzatu du, baina koalizioko bere kide SPDk zalantzan jarri du; nahiz eta arrazoi teknikoengatik eta aurrekontuengatik soilik izan, eta ez sakoneko desadostasunengatik. Sebastian Fiedler diputatuak adierazi du 2027ko aurrekontu federalak 20 milioi euro gordeko dituela proiektu piloturako, hori garestiegitzat jo duen arren, Handelsblatten arabera.
Bestalde, Rasha Nasr eta Hakan Demir diputatuek ohartarazi dute Ruandan atxiloketa arbitrarioak eta torturak gertatzen direla, aurrekari britainiarra eztabaidan presente baitago: Rishi Sunak lehen ministro izandakoaren plana, asilo-prozedura osoa Erresuma Batutik kanpora atera nahi zuena, bertako Auzitegi Gorenak blokeatu zuen 2023an, Ruandako sistemaren gabeziengatik. Keir Starmerren gobernu laboristak 2024an baztertu zuen.
Europako ereduak mugatuagoa dirudi, baina giza-eskubideen aldeko erakundeek zalantzan jartzen dituzte biktimen babeserako eta deportazioa saihesteko bermeak. Daniel Thym legelariak aitortu du "gai juridikoak" airean daudela. Euronews-ek ohartarazi du, gainera, ez dagoela denbora-mugarik deportazio-zentroetako atxiloaldiari dagokionez, eta, beraz, pertsona batzuek urteak eman ditzaketela Ruandan, baldintza zalantzagarrietan eta beren herrialdeetara itzuli gabe.
EBtik kanpoko deportazio-zentroak errefusatu ditu Sanchezek, Mauritanian migratzaileentzako kartzelak finantzatzen dituen bitartean
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Ruandako "itzulera-zentroari" buruzko akordioaren aurrean erantzun zuen atzo, eta ziurtatu zuen ez diola proiektuari "etorkizunik eta gizatasunik" ikusten. Halaber, jatorrizko herrialdeekiko eta igarobideekiko "lankidetza-politikak", "mafien aurkako borroka" eta Marokorekiko "migrazio zirkularra" defendatu zituen, EFE-ren arabera. Hala ere, Sanchezek "lankidetza-politikez" hitz egiten duenean, Mauritaniako migratzaileak atxilotzeko bi zentroez ariko litzateke adibidez (Nuakchoten 107 plaza dituzte, eta Nuadibun 76). Zentro horiek Sanchezen gobernuak eraiki eta finantzatu zituen, haurrentzako sehaskak dituztenak eta adingabeak atxilo hartzea ahalbidetzen dutenak, besteak beste. Espainiako Estatuko legediak debekatu egiten du praktika hori berez, El Salto-ren ikerketaren arabera.
Kanpo Arazoetako Ministerioaren Herri Administrazioak Nazioartekotzeko Fundazioak (FIAP) 1.080.625 euroko kontratuak esleitu zizkion CADG enpresa eraikitzaileari, lehiaketa publikorik gabe, Europar Batasuneko Larrialdietarako Funts Fiduziarioaren diruarekin; eta inplikatutako iturri batek aitortu zuen Mauritaniakoak "atxiloketa-zentroak direla, jakina".
Espainia-Mauritania goi-bileraren ondoren iritsi ziren presondegi horiek, 2025eko uztailean. Bilera horretan, bi gobernuek adierazpen bat sinatu zuten "migrazio seguru eta ordenatu baten aldeko lankidetzan sakontzeko eta izaera irregularreko migrazioaren aurka borrokatzeko", eta Europar Batasunak 500 milioi euro baino gehiago iragarri zituen horretarako.