Hirugarren greba eguna izan zuten atzo Gasteizko (Araba) Naipes Fournier enpresako langileek eta, ELA sindikatuaren arabera, parte-hartzea zabala izan zen: "ekoizpeneko langileen %90 inguruk" parte hartu zuten lanuztean. Beharginek duela astebete ekin zieten lanuzteei, izan ere, langile batzordeak, zuzendaritzak eta Lan Ikuskaritzak eginiko bileran ez zuten adostasunik lortu.
Enpresako zuzendaritzaren "proposamen eskasaren" aurrean, grebara jotzeko erabakia hartu zuten. Aldarrikapen nagusia soldatak Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) adina igotzea da, hurrengo bi urteetan. Zentzu horretan, 2013tik "oinarrizko soldataren %3ko igoera besterik ez" dutela jaso azpimarratu dute sindikatuek.