AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019ko grebako irudi bat. ARGAZKIA / The New York Times
2023/09/15 12:18

Historian lehenengo aldiz, Amerikako Estatu Batuetan aldi berean joko dute grebara Detroiteko Hiru Handietako langileek: alegia, General Motors (GM), Ford eta Stellantis automobilgintza enpresetako beharginek. Ostiral honetan ekin diete lanuzteei, eta United Auto Workers (UAW) sindikatuak jakinarazi duenez, greba egiten lehenengoak izan dira Wentzvilleko (Misuri) GM-ko, Toledoko (Ohio) Stellantisko eta Michigango (Michigan) Fordeko muntaketa-kateetako langileak. Hiru plantetan, gutxi gorabehera, 13.000 lagunek jarduten dute.

Oraingoz ez dago akordiorik sektoreko hitzarmenaren negoziazioan, eta horregatik erabaki dute langileek mobilizatzea. Uztailean hasi zituzten elkarrizketak UAW-k eta hiru enpresetako zuzendaritzek, hurrengo lau urteetarako ituna erabakitzeko. Besteak beste, langileen eskaeren artean daude datozen lau urteetan soldatak %46 igotzea, lanaldia murriztea eta bateriak ekoizten dituzten fabriketako beharginen sindikalizazioa bermatzea.

Akordiorik egon ezean, apurka-apurka, Detroiteko Hiru Handien fabrika gehiagotara zabalduko dituzte lanuzteak. Eta ez dute baztertu hiru enpresetan deitzea greba orokorrera.

Sektorean 2019an egin zuten greba azkenekoz, orain iraungi berri den itunari buruzko negoziazio bete-betean. Garaian, GM-ko 49.000 langilek jo zuten grebara 40 egunez.

EZ DAGO IRUZKINIK