Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak deialdi bat aurkeztu du hurrengo martxoaren 17rako: gutxieneko soldata propio bat aldarrikatzeko, greba orokorrera jotzera deitu du. Hego Euskal Herrian Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) 1.500 eurokoa izan dadila eskatzen dute sindikatuek: gaur egun, 1.184 eurokoa da Espainiako Estatu mailan, eta aldea edo soldata-osagarria Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jar dezatela eskatu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Gutxieneko pentsioa ere zenbateko horretakoa izan dadila planteatzen dute.
Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldata-hobekuntzak aberastasuna banatzeko lelotzat hartuta egin dute greba-deialdia, hiru hilabete lehenago eta "ikuspegi sozialetik eginiko burujabetza ariketa bat" erreibindikatuz. Orain arte ere, gutxieneko soldata propio bat eskatzen saiatu dira aipatutako sindikatuak, negoziazio-bidez. Atzo salatu zuten, ordea, Hego Euskal Herriko instituzio nagusiak eta patronalak auziaren inguruko eztabaida blokeatzen ari direla.
Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan hainbat ekimen legegile aurkeztu dituzte, besteak beste, Jaurlaritzak (EAJ eta PSE-EE) eta Nafarroako Gobernuak (PSN) ardura har zezaten, soldata-hobekuntzak lortzeko bidean, Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko eta aukerak irekitzeko. Espainiako Estatuko lan-harremanak aldatuz, gutxieneko soldata igo ahal izateko diferentzia Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ordaintzea lortu nahi zuten hala.
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ordea, aukera hori etengabe baztertu dute, eskumen falta argudiatuta hain zuzen ere. Eusko Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioaren inguruko eztabaida blokeatu zuten EAJ, PSE-EE, PP eta Voxen botoei esker: atzera bota zuten 138.000 lagunek baino gehiagok sinadura bidez babestutako Herri Ekimen Legegilea, eta Pentsiodunen Mugimenduak pentsioak hobetzeko aurkeztutako ekimena ere baztertu zuten, 145.000 pertsonak baino gehiagok euren babesa eman arren. Nafarroako Parlamentuak, bestalde, jarrera berdina erakutsi du: txosten juridikoak aitzakiatzat hartuta, muzin egin dio gaiari buruz eztabaidatzeari. "Oso larria da ordezkari politikoek gizarteari ukatzea lege-aldaketak proposatzeko duen aukera bakarra; demokrazia zeharo murrizten ari dira", diote sindikatuek.
Enpresariei dagokienez, sindikatuek jakinarazi dute Confebaskek eta CEN patronalak uko egin diotela esertzeari eta, sektore arteko negoziazio baten bidez, gutxieneko soldata propio baten inguruan hitz egiteari; bigarren kasuan, gainera, UGT eta CCOOren konplizitatearekin.