AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Eduardo Junkera, artxiboko irudian. ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2022/10/06 08:52

Gipuzkoako Enpresen Elkarteak, Adegik, gaur egungo egoerari eta aurrera begirako aurreikuspenei buruzko hainbat adierazpen egin zituen atzo, agerraldi baten bidez. Horretarako, antza, Gipuzkoako enpresetako nagusiei egindako galdeketa bateko erantzunak hartu ditu oinarri modura. Orokorrean, une honetako "egoera gaiztoa" dela diote Gipuzkoako patronaleko arduradunek, eta iragarri dute "merkatuko egoerak" okerrera egingo duela datozen hilabeteetan.

Soilik %26,5 dira eskari maila altua dutela esan duten enpresak, eta ehuneko hori 10,5 puntu jaitsi da apiriletik; eskari maila baxua dutela uste duten enpresen kopurua, berriz, %3,5 hazi da ordutik. Hala, orokorrean, %4 egin dute behera enpresetan jasotako eskaerek. Gainera, salmenten errentagarritasuna jaitsi egin da Gipuzkoako enpresen %52,5entzat, eta kontrara, ekoizpenari lotutako kostuek gora egin dutela diote; %10,5 industrian, %6,5 eraikuntzan eta %6 zerbitzuetan.

Galdeketan parte hartu duten enpresen %32k uste dute merkatuko egoerak okerrera egingo duela, eta gero eta gutxiago dira datorren egoera "normaltasunekoa edo berraktibaziokoa" izango dela iritzi diotenak; %68k uste dute hori, 2021eko urtarriletik izan den ehunekorik baxuena.

Kaleratzeak, ate joka

Lantokietako enpleguari dagokionez, soilik %15ek aurreikusten dute beharginak kontratatzea. Are: %17,5ek diote langileak kaleratuko dituztela aurrerago, apirilean baino %10 gehiagok.

Adegiren arabera, Gipuzkoako enpresaburuen artean, COVID-19ak eragindako kezka ordezkatu du aurten Ukrainan leher egin duen gerrarengatiko kezkak. Lehengaien eta energiaren kostua da kezkarik handiena sortzen duena, %78k ikusten baitute arazo modura auzi hori. %42,5ek ikusten dituzte arazo modura "lan-kostu handiak" eta langileen soldaten igoerak, eta, hirugarrenik, %37k aipatu dute "salmenten errentagarritasunaren jaitsiera" kezka modura.

Deia

"Denok galdetzen diogu gure buruari zer ekarriko digun etorkizunak. Zer gertatuko da? Ez dakigu. Ziurgabetasun handiko unea da, oso aldakorra. Hortaz, oso zaila da aurreikuspenak egitea. Baina gauza bat ziur dakigu: gerrak jarraitzen duen bitartean, ekonomiaren eta enpresen egoerak okerrera egiten jarraituko du", esan zuen atzoko agerraldian Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak.

"Enpresaren defentsa" egitera deitu du Eduardo Junkera Adegiko presidenteak, eta "esfortzua eta sakrifizioa" eskatu dizkie negozien jabeei, zuzendariei, langileei nahiz sindikatuei.

EZ DAGO IRUZKINIK