AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ronald Wittek
2024/03/01 09:30

Bi urte bete dira Ukrainako gerra hasi zenetik, eta Mendebaldeko agintaritzak etenik gabe ari dira hitz egiten guda horretaz eta, zehazki, Errusiaz. Azkenekoz, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek hartu du hitza: Europar Batasuneko herrialdeak "esnatzea" eta "defentsa" arloa indartzea "premiazkoa" dela adierazi du. "Gerra mehatxua ez da berehalakoa, baina ez da ezinezkoa", gaineratu du.

Estrasburgon, Europako Parlamentuaren osoko bilkuran, egoera geopolitikoari buruzko hainbat zertzelada eman nahi izan ditu Von der Leyenek. "Autoritarioen liga gero eta handiago eta kezkagarriago baten arriskuez" mintzatu da; jakina, Errusia, Iran eta Ipar Korea barne hartzen ditu "autoritarioen liga" deituriko horrek.

"Ez dira gerra-arriskuak puztu behar, baina horiei aurre egiteko prestatu behar da. Eta, hori, estatu kideetako indar armatuak berreraikitzeko, berritzeko eta modernizatzeko premiazko beharretik hasten da", seinalatu du Von der Leyenek. Horri lotuta, mahaigaineratu du datozen bost urteetan defentsarako gaitasun industriala "bizkortu" beharko lukeela Europar Batasunak, Errusiaren "mehatxuari" aurre egiteko eta Ukrainako gerra irabaz dezan ekiditeko. "Segurtasun-ezaren kostua, Errusiaren garaipen baten kostua, orain aurreztu dezakegun edozer baino askoz ere handiagoa da. Horregatik, ordua da Europak esku hartu dezan", ohartarazi du.

Industria Defentsarako Europako Estrategia

Batzordeko presidentearen esanetan, "bakea iraunkorra delako ilusiopean" bizi da Europa. "Askatasuna eta oparotasuna" jokoan daudela esanda, etor daitezkeen gatazka belikoak azpimarratu eta Industria Defentsarako Europako Estrategia aurkeztu du Von der Leyenek. Armak eta bestelako ekipamendu militarrak elkarrekin erostea da estrategia horren oinarrietako bat, eta industria horretako ekoizpena sustatuko du, sektore pribatuaren eskutik.

Teorian, Europako funtsen bidez ezin dira finantzatu "defentsari" edo indar militarrei loturiko operazioak. Beraz, ustez, funts horien erabilera arlo horietako "ikerketara eta berrikuntzara" mugatuta egongo da. Dena den, tranpa administratiboetan eta abarretan aditurik ez da falta: Ukrainarentzat gerra-baliabide berriak erosi ahal izateko, Bakerako Laguntza Funtsa (EPF, ingelesezko sigletan) delakoa sortu dute, esaterako. Otsailaren 1ean adostu zuen Europar Batasunak Ukrainari laguntza militarra ematen segitzea: datozen urteetan 50.000 milioi euroko finantza-laguntza ematea erabaki du.

Horretaz gain, Errusiari zigor ekonomiko gehiago ezarriko dizkio Europar Batasunak. Hamahirugarren zigor-sorta da, orain arteko zabalenetakoa, eta Txinako enpresekiko harremanak ere barne hartzen ditu.

EZ DAGO IRUZKINIK