AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak
'Gazte langileok gaztetxea orain!' lelopean aterako dira kalera bihar Laudion
Aurreko astean hustu zuten Laudioko Gaztetxea, eta une honetan, ez dago "antolakuntzarako espaziorik" bermatuta Laudioko gazte langileentzat. Bihar manifestazio bat egingo dute, 18:00etan.
2022eko ekainaren 24
'Gazte langileok gaztetxea orain!' lelopean aterako dira kalera bihar Laudion

Aurreko astelehenean, ekainaren 13an, izan zen Laudioko Gaztetxearen desalojoa. Gunea "isilean eta erantzuteko aukerarik gabe" hustea izan zen Laudioko Udalaren asmoa, eta modu horretan geratu dira jardun politikorako eta "antolakuntzarako espaziorik" gabe Laudioko gazte langileak. Arratsalde horretan bertan egin zuten elkarretaratze bat herrian, desalojoa bera eta Ertzaintzak protesta egiten ari zirenen aurka erabilitako bortizkeria salatzeko. Ez da izango, ordea, Laudioko Gaztetxearen hustearen harira antolatutako mobilizazio bakarra.

Bihar, ekainaren 25ean, manifestazio bat egingo dute Laudion, 18:00etan hasita. Gazte langileok gaztetxea orain! lelopean egin dute deialdia gaztetxeko kideek, eta lan politikorako espazioen beharra dagoela zabalduko dute kaleetan.