AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/13 10:45

Gaur ahitu da Laudioko Udalak Laudioko Gaztetxea husteko abiatutako prozedura. Gehienezko epe bat zegoen ezarrita Langile Kontrolpeko Espazioa husteko, ekainaren 13a, baina ez zegoen desalojo zuzenerako ordu edo data zehatzik finkatuta. Gaztetxeko kideek salatu dutenez, modu horretan, udalaren asmoa zen desalojoa "isilean eta erantzuteko aukerarik gabe gauzatzea". Horren aurrean, baina, protesta kaleetara eramateko hautua egin dute haiek.

Goizetik bertaratu dira gaztetxera hainbat eta hainbat lagun, hustearen aurka protesta egiteko. Lamuza parke ondoko errepidea moztu dute lehenengo, eta gero, Laudioko errepide nagusira, Zumalakarregira, jo dute. Trafikoa geratzea lortu dute, eta udaltzainen ostean, ertzainak bertaratu dira. "Udalaren erantzuna zipaioak bidaltzea izan da", azaldu dute gaztetxeko kideek.

Protesta egiten ari ziren gazteen aurka oldartu dira ertzainak, eta haien kontra kargatu dute. Indarrez kanporatu dituzte errepidetik, eta hala desegin dute desalojoaren kontrako protesta. "Argi dugu udala dela egoera honen guztiaren erantzulea, berea baitzen desalojo agindua gelditzeko erantzukizuna", diote gaztetxeko kideek. Udalak jarri zuen martxan huste prozesua.

Elkarretaratzea iluntzean

Gaztetxearen hustea eta Ertzaintzaren bortizkeria salatzeko kontzentrazio bat antolatu dute gaur arratsalderako. 19:00etan izango da, Laudioko plazan.

Ikusi hemen gaurko gertakarien jarraipen haria

EZ DAGO IRUZKINIK