AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gasteizko Udala
2023/06/21 12:34

Gasteizko (Araba) Kontseilu Sozialistak udalaren autoritarismoa salatu berri du, azken hilabeteetan argitara atera diren zenbait berriri lotuta. Izan ere, kontrol sozialerako zenbait baliabide berri izango dituela jakinarazi du udalak azken hilabeteetan: eremu turistikoetan, telefono-seinaleen bidez pertsonen mugimenduak atzemateko sistema bat sartu nahi du indarrean, eta martxan dauka adimen artifizialeko bideo-zaintza kamerak ezartzeko proiektua, "arriskuak eta "mugimendu susmagarriak" detektatzeko.

Kontseilu Sozialistako kideek salatu dute, bestalde, kalean behin eta berriz ikusten direla Gasteizko Udaltzaingaren bortizkeria eta inpunitate osoa. Maiatzaren erdialdean, adibidez, polizia-bortizkeria eta polizia-agenteen eraso arrazistak salatu zituzten Alde Zaharreko kaleetan, okindegi bateko langile batek jasandako atxiloketa bortitzaren harira.

Azken hilabeteetan ikusi diren kasu gehiago ere aipatu ditu Kontseilu Sozialistak, dena den: poliziak Aldabe plaza hartu izana, Gasteizko Gaztetxearen kontrako erasoak, udaltzainek patinetean zihoan gazte bati emandako jipoia, eta abar.

"Udala sustatzen ari den politika horiek kaleen monitorizazioa eta kontrol polizialaren indartzea dakarte, eta, kasu isolatuak baino, estatu kapitalistaren joera autoritarioaren bide beretik doaz", adierazi du Kontseilu Sozialistak. Beharrezkotzat jo du, beraz, "segurtasun publikoaren izenean udalak aurrera daramatzan politika errepresiboak seinalatzea eta horien neutraltasun faltsua salatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK