AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Turismo Inteligentziarako Sistemari loturiko sentsoreak, Cadizen. ARGAZKIA / Cadizko Lurralde Diputazioa
2023/06/06 09:14

Kontrol sozialerako sistema berri bat jarriko du martxan Gasteizko Udalak, pertsonen mugimenduak eta horri lotutako portaera soziala kontrolatzeko eta jasotzeko. Turismo Inteligentziarako Sistema delakoa erabiltzeko, hiriburuko turismo eta merkataritza guneetan sentsoreak jarriko dituzte, horietan izaten diren joan-etorriak aztertzeko. Zehazki, puntu horietatik igarotzen diren pertsonen "portaera eta errepikapen-ereduak detektatu" nahi ditu udalak kontrol sistema berriaren bitartez.

Horretarako, sentsoreak jarrita dauden lekuetatik pasatzen direnen gailu mugikorrak erabiliko dituzte: telefono-seinaleen bidez kontrolatuko dituzte pertsonen mugimenduak. Modu horretan, esaterako, toki jakin batzuetatik jendea zenbat aldiz eta noiz igarotzen den jaso ahalko du udalak.

Momentuz aurreratu dutenagatik, Alde Zaharreko zenbait gunetan, bus geltokian, aireportuan, tren geltokian, Europa Jauregian nahiz Eraztun Berdean jarri nahi dituzte sentsoreak. Horiek 30 segundoan behin bidaliko diote informazioa udalari, eta hilabete bateko informazio guztia gordeko dute. "Parametro desberdinen analisiak eta lortutako metrikak orduz ordu, egunez egun eta hilabetez hilabete egingo dira, modu agregatuan", esan du udalak.

Helmuga turistikoa

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok iazko urrian izan zuen hizpide Turismo Inteligentziarako Sistema (SIT, gaztelerazko sigletan). Hurtadoren esanetan, Jaurlaritzaren helburua da lurraldea "helmuga turistiko" gisa "modu jasangarrian garatzea", baita informazio "erabilgarri eta esanguratsua" modu "sistematizatu eta ordenatuan" jasotzea ere, "enpresen eta helmuga publiko eta pribatuen kudeatzaileen" esku uzteko. Modu horretan, euren "gaitasun produktiboa handitzeko erabakiak" har ditzatela bultzatu nahi omen da, jarduera turistikoa sustatzearekin batera.

Finean, kontrolerako sistema berrien ezarpena justifikatzeko, asmoa "bisitarien eta bertakoen esperientzia" hobetzea dela argudiatu zuen Hurtadok. Honela hitz egin zuen: "Helmuga jasangarri eta adimentsu bat da, datuen bidez, abangoardiako azpiegitura teknologiko baten gainean sendotzen dena, eta, horrekin, lurralde turistikoaren garapen jasangarria bermatzen duena, guztiontzat eskuragarria, eta helmugan esperientziaren kalitatea hobetzen duena, bertakoen bizi-kalitatea hobetzearekin batera".

EZ DAGO IRUZKINIK