Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, udalak familia bat bota du bere etxetik Alde Zaharrean, tartean, 4 urteko haur bat. Berez ekainaren 19rako zegoen finkatuta etxe-kaleratzea, baina familiari sekulako presioa egin dio udalak, etxea lehenago utz zezan. Hala, azkenean, etxebizitzatik alde egitera eta "miseriazko alternatiba bat onartzera behartu" ditu, sindikatuaren esanetan: "De facto etxegabetzea gauzatu dutela diogu, nahiz eta Poliziaren interbentziorik behar izan ez duen horretarako. Izan ere, argi dago udalak etxegabetze publiko batek sor dezakeen iskanbila ekidin nahi izan duela".
Duela hilabete batzuk jakinarazi zuten PSE-EEren udalak, Ensanche 21 agentziaren bidez, hiru prozedura judizial jarri zituela martxan, Alde Zaharrean bizi diren eta sindikatuan antolatzen diren hiru familiaren aurka. Apirilean lehenengo familia baten etxegabetzea atzeratzea lortu zuen sindikatuak, baina aurreko astean izan zuen bigarren familiaren kaleratze-dataren berri: ekainaren 19a. "Familiak solik bederatzi eguneko tartearekin izan du etxegabetzearen berri", salatu du sindikatuak. Eta gero, gainera, etxea horren aurretik uztera behartu du udalak.
Miseriazko alternatiba bat: hoteleko gela bat
"Gizarte-zerbitzuekin izandako bilera bortitz bat eta gero", telefonoz egin zioten proposamen bat familiakoei, sindikatuak azaldu duenez: "Etxegabetze-dataren aurretik etxetik alde egiten bazuten, bizitoki-alternatiba bat eskainiko zien udalak". Baina, azkenean, hoteleko gela bat izan da alternatiba hori; sukalderik gabe, dutxarik ere ez duen komun partekatu batekin, eta hilean 600 euro ordainduz.
"Etxegabetze-dataren gertutasuna ikusita, gizarte-zerbitzuen presioaren eraginez, eta ordura arte udalak negoziatzeko izan duen borondate ezaren ondorioz, familiak aukera hori onartu du. Hala ere, argi dauka hori ez dela benetako bizitoki-alternatiba bat eta kexu da hoteleko gela bat ez dela ume bat zaindu eta hezteko tokia", dio sindikatuak.
Beste bi familia arriskuan Alde Zaharrean
"Beste behin, argi geratzen da instituzio publikoak jabetza pribatuaren defentsan jarduten direla. Etxe horretan bertan familia erregularizatu beharrean, familia bere etxetik bota dute, hotel batera eramateko. Horrela, hotelak negozioa egingo du eta udalaren etxe bat hutsik geratu da. Ez du inolako zentzurik", seinalatu dute sindikatuko kideek.
Gogorarazi dute, gainera, beste bi familia bota nahi dituela udalak Alde Zaharreko euren etxeetatik: berez apirilaren 23an kaleratu behar zuena, eta hirugarren bat. "Etxegabetze orori aurre egiteko, antolakuntzaren eta klase-elkartasunaren defentsan jarraituko dugu", aldarrikatu du sindikatuak.