AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/03 15:39

Gasteizko (Araba) Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak manifestazio bat antolatu dute ekainaren 13rako, Gasteizko Txosnetan jasaten ari diren bazterketa politikoa salatzeko eta aterabide bat aldarrikatzeko. Mobilizazioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da Faroloitik, Txosnak denontzat, irtenbidea orain! lelotzat hartuta.

Izan ere, GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi dutenez, "inork gutxik ulertzen duen egoerak aurten amaiera izango zuela zirudien arren, jaiak gerturatzen ari dira eta Txosna Batzordeak ez du irtenbiderik proposatu": indarrean mantentzen du Mugimendu Sozialistako bi antolakundeen kontrako beto politikoa, gaur agerraldi baten bidez jakinarazi dutenez.

Duela bi aste ere egin zuten beste prentsaurreko bat Bilbon (Bizkaia), bertako Luberri Konpartsarekin batera, eta jakinarazi zuten beste urte batez debekatu dietela festetan parte hartzea, Ezker Abertzalearen ekimenez. Gasteizen kasuan, bost urte dira jada Gasteizko Txosnek betoa jarri zietela GKSri eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari, eta salaketa modura, Letren Fakultate ondoan jarri behar izan dute txosna bat bi antolakundeek, baimenik gabe eta Gasteizko Txosna Batzordeak kudeatzen duen eremutik kanpo.

Gogorarazi dute, baina, "gero eta babes handiagoa" duela bi eragile horiek txosnagunean parte hartzearen aldeko aldarriak. Babes horren erakusle da iaz Euskal Herriko 100 bat kolektibok eta 150 bat kulturgilek defendatu izana Mugimendu Sozialistak festetan parte hartzeko duen eskubidea.

Gasteizko Txosna Batzordeak ez du irtenbide bat bilatzeko hartutako konpromisoa bete

GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jasotako babesa ikusita, Gasteizko Txosna Batzordeak konpromisoa hartu zuen iaz, urritik aurrera, "gatazka konpontzeko bilaketan" lan egiteko. Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek ikasturtearen hasieran berretsi zuten txosnagunean parte hartzeko asmoz jarraitzen dutela, eta Batzordearen proposamenak entzuteko borondatea erakutsi zuten.

"Egoera desblokeatzeko proposamen bat egin zuen Batzordeko eragile batek. Proposamen horretan, aurtengo jaietan bi eragileok txosna bat partekatzea zehazten zen, Batzordeak jarritako eskubideekin eta betebeharrekin, froga gisa", azaldu dute gaurkoan GKSk eta sindikatuak: "Guk begi onez ikusi genuen aukera, bide horren bitartez egoerari konponbidea emateko aukera zabaltzen baitzuen. Proposamen hori, baina, alde batera utzi du gehiengo batek, inolako alternatibarik eskaini gabe".

Horiek horrela, beste urte batez, txosnagunearen parte izatea debekatu diete bi antolakundeei. "Batzuen partetik ez da auzia lantzeko inolako borondaterik egon, eta haien eraginez, Txosna Batzordeak gatazka konpontzeko hartutako konpromisoari bidea itxi dio. Espazio zabalei interes politiko partikularrak gainjarri zaizkie", gaitzetsi dute. Eta gogorarazi dute, hala, beto politikoak ehunka gasteiztar uzten dituela txosnetatik kanpo, "historikoki Gasteizko Txosnek izan duten oinarri plurala kolokan" mantenduz eta "erabaki zeharo arbitrario" bati eutsiz, "Txosna Batzordeak berak erabakitako irizpideen kontra". 

Gasteizko GKSko eta sindikatuko kideek gaineratu dute bat egiten dutela "txosnen eta jai herrikoien defentsarekin", erreferentzia eginez hainbat txosnak eta jai-batzordek instituzioen partetik jasaten dituzten traba gero eta handiagoak salatu izanari; baina Mugimendu Sozialistak ere jaietan parte hartzeko daukan eskubidearen defentsan, aterabide bat exijitu dute Gasteizko egoera desblokeatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK