Agerraldi bat izan da gaur goizean Bilbon (Bizkaia), salatzeko aurten ere Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosnetan parte hartzea debekatu diotela Mugimendu Sozialistari. Izan ere, bi espazioetan mantentzen dituzte Luberri Konpartsari, Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistari jarritako beto politikoak. "Hainbat hilabetez egoera bideratzen, elkarrizketak bultzatzen eta irtenbide bat adosten saiatu garen arren, aurten ere Bilbon Luberri eta Gasteizen GKS eta Etxebizitza Sindikatua kanpoan uztea erabaki dute", azaldu dute prentsaurrekoan.
Argipen bat egin dute lehenik eta behin: "Instituzioetatik jai herrikoiei gero eta traba gehiago jartzen ari zaizkien honetan, bat egiten dugu jaiak eta txosnak defendatzeko beharrarekin. Horregatik, argi adierazi nahi dugu, jaiei ezartzen ari zaizkien oztopoen aurka, Mugimendu Sozialistatik ekarpena egiten jarraituko dugula parte hartzen dugun jai-batzordeetan". Dena den, gogorarazi dute Bilboko eta Gasteizko jaien parte izatea debekatzen ari zaiela mugimenduari lotutako hiru kolektibori.
Ehunka kolektibok eta kulturgilek salatu zuten iaz betoa
Aurreko urtean, Euskal Herriko 100 bat kolektibok eta 150 bat kulturgilek defendatu zuten Mugimendu Sozialistak festetan parte hartzeko duen eskubidea. Horren ostean, Luberri Konpartsak, Gasteizko GKSk eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak borondatea erakutsi zuten "Bilboko Konpartsekin eta Gasteizko Txosna Batzordearekin elkarrizketak abiatzeko". "Zoritxarrez, urtebete beranduago, egoerak blokeatuta jarraitzen du", jarri dute testuinguruan gaurkoan.
Bilbo eta Gasteiz, kasuan kasu
Une honetan hiriburu bakoitzeko egoera zein den zehaztu dute. "Bilbori dagokionez, ikasturte honen hasieran berriro egin genuen Konpartsetan parte hartzeko eskaera. Urtarrilean eztabaidatu zuten gaia, eta bertan, Luberri sartzearen aldeko konpartsa asko izan ziren arren, gu berriro kanpoan uztea erabaki zuten", ekarri dute gogora.
Hori gutxi balitz, Luberrik eskaera egin ondoren, talde berriak onartzeko boto-irizpideak berrikusi zituzten Konpartsek, "hasieratik ezezkoaren alde oso itxita dauden zenbait konpartsak bultzatuta". Modu horretan ezarri zuten, talde berri batek sartu nahi badu, Konpartsen %75en babesa beharko duela, "gutxiengo baten beto eskubidea gailenduz". "Luberrik langa hori gainditzen ez zuela argudiatuta hartu dute aurten gu kanpoan uzteko erabakia", jakinarazi dute bertako kideek.
"Helarazi zizkiguten ondorioetan onartu dute Luberrik bat egiten duela Bilboko Konpartsen oinarriekin, baina adierazi digute aurreko urtean sarrera ukatu izana salatzeko egindako adierazpenek Luberrirekiko konfiantza falta eragin dutela konpartsa batzuetan. Arrazoia hori bada, ez dago ulertzerik zergatik utzi zuten iaz Luberri kanpoan, guk inolako adierazpen publikorik egin aurretik", seinalatu dute.
Gasteizko egoerak ere blokeatuta segitzen du. "Iazko ekainean Txosna Batzordeak publikoki adierazi zuen urritik aurrera egoerari aterabidea ematen hasiko zela. Ikasturtearen hasieran, berriro egin genion eskaera Txosna Batzordeari, baina ez genuen erantzunik jaso", diote GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak.
Urte hau hastean, proposamen bat egin zuen Txosna Batzordeko eragile batek: "Aurten GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren artean txosna bat izatea Batzordeak zehazturiko baldintzetan, elkarlana praktikan baloratu zedin". Hala ere, Batzordeak ez du proposamen hori landu, eta "ez dute inolako proposamen alternatiborik egin nahi izan". "Iaz esandakoaren aurka, Txosna Batzordeak aurten ere ez du egoerari irtenbidea emateko borondaterik izan", ondorioztatu dute.
Betoaren atzean arrazoi politikoak daude
"Gure ustez, bazterketa horrek arrazoi politikoak ditu", azpimarratu dute agerraldian: "Bi hiriburuetan, Sortuk ordezkatzen duen ingurune politikoa etengabe aritu da Mugimendu Sozialistaren aurkako mesfidantza eragiten, jaiekin zerikusirik ez duten interes politikoek bultzatuta". Eta uste dute "jarrera horren oinarrian" dagoena dela, hain zuzen ere, "Mugimendu Sozialista konpetentzia politiko gisa ikusten dutela eta hari aurre egiteko blokeo eta difamazio estrategia darabiltela".
"[Sorturen ingurune politikoak] Iradokitzen dute ez garela gai espazio zabaletan aritzeko, baina ideia hori errealitateak berak ukatzen du", esan du Mugimendu Sozialistak: "Gaur egun beste hainbat eragilerekin elkarlanean ari gara dozenaka jai-batzordetan, Palestinarekin Elkartasuna kolektiboan, plataforma ekologistetan, gazte asanbladetan, eta abar".
"Bilboko Konpartsen nahiz Gasteizko Txosna Batzordearen sorreratik bertatik herri mugimenduko dozenaka eragilek parte hartu duten bezala, Luberrik, Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak ere bat gehiago izateko eskubidea dute", erreibindikatu dute, beraz. Gainera, uste dute beto politikoak jartzeak "kolokan jartzen" duela "bi batzordeen pluraltasuna", eta "gazte andana jai herrikoietatik kanpo uzten" duela.
Irtenbide baterako momentua
Prentsaurrekoan nabarmendu dute "ziur" daudela "egoeraren berri duen jendearen gehiengoak gatazka hau konpontzea eta Mugimendu Sozialistak ere lekua izatea nahi duela". Horiek horrela, Luberrik, Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak adierazi dute "elkarrizketarako eta elkarlanerako prest jarraitzen" dutela, eta, "aurtengo jaiei begira, oraindik denbora dagoela konponbide bat adosteko". "Eskerrak eman nahi dizkizuegu gure parte-hartzearen alde egin duzuen eragile, konpartsa eta norbanako guztiei", gaineratu dute.