AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gasteizberri.com
2025/09/29 10:11

Gasteizko (Araba) lorezaintzako langileek martxoan jo zuten greba mugagabera, lan-baldintzak hobetzea ahalbidetuko duen hitzarmen propio baten alde. Oraintsu bete dituzte sei hilabete greban, eta aurreko ostiral arratsaldean egin zuten mobilizazio jendetsu bat borrokan jarraitzen dutela gogorarazteko. Artiumetik irten zen manifestazioa eta udaletxe aurrean bukatu zen, beharginek salatu baitute elkarren eskutik doazela udala eta hark azpikontratatutako Enviser enpresa, langileen baldintzei eta haien borrokari erasotzen jarraitzeko.

Gasteizberri.com atariaren arabera, 1.000 lagun inguru batu ziren ostiraleko mobilizaziora, lorezainekin elkartasunez. "Enviser errudun, udala arduradun izan zen" Gasteizko kaleetan entzun zen oihuetako bat, PSOE buru duen udala enpresaren alde lerratu dela salatu baitzuten. Ohartarazi zutenez, plantillak urteak daramatza miseriazko lan-baldintzak jasaten (besteak beste, ezarritako gutxieneko soldatara ozta-ozta iristen diren ordainsariak dituzte), eta horregatik ekin zion borrokari.

Sei hilabeteren ostean, baina, gutxinakako soldata-igoera murritzak (hasieran 25 euroko igoera besterik ez zuen eskaini) eta grebaren kontrako erasoak (zerbitzu minimoen inposaketa kasu) besterik ez dituzte jaso Enviserren partetik, udalaren babesean; eta beraz, borrokan segitzen dute. Soldata-igoerari dagokionez, berehalako "soldata duinak" exijitzen dituzte. Ostiralean esan zuten "fase berri" bat hasiko dutela langile-borrokan eta "beharrezko energiarekin" erantzungo diotela horri.

Bihar, asteartean, beste bilera bat egingo dute Lan-Gatazkak Konpontzeko Borondatezko Prozeduran (PRECO). Sindikatuek diote, dena den, Enviserren eta udalaren proposamenetan aldaketa esanguratsurik ez bada, mobilizazioak areagotuko dituztela.


Irakurri hemen lorezaintzako langileei ekainaren bukaeran egindako elkarrizketa, grebaz, azpikontratazioaz, greba-eskubidearen aurkako erasoaz eta beste.

EZ DAGO IRUZKINIK