AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/31 23:29

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak atzo jakinarazi zuen kide bat atxilotu zuela Espainiako Poliziak. Kalez jantzitako polizia-agenteek atzeman zuten autobus geltokian, eta Atzerritartasun Bulegoan daukate gatibu. Marokoar jatorrikoa da, eta edozein unetan kanporatua eta deportatua izateko arriskuan dago.

Ertzaintzak 2021eko urtarrilean hustu zuen etxebizitza-bloke bat Los Herranen, eta han bizi ziren hamabost pertsonak etxegabetu zituen. Han bizi zen, hain zuzen ere, atzo atxilotua izan zen kidea. Etxegabetzean atxilotu zuten ertzainek, eta, "bere etxea defendatzeagatik", deportazio-espediente bat ireki zuten bere aurka. Horregatik dago gaur egun deportatua izateko arriskuan.

Kidearen berehalako askatasuna exijitu dute Etxebizitza Sindikatuko militanteek, eta atzo protesta bat egin zuten Atzerritartasun Bulegoaren aurrean. "Gure kideak hiru urte baino gehiago daramatza hemen bizitzen eta inguru zabal eta egonkorra sortu du", azaldu dute.

Politika oso bat

Gogorarazi dute, gainera, gertatutakoa ez dela "kasu isolatu bat": "Ehunka pertsona migratzaile kanporatu dituzte gure hiritik. Horietako asko, gure kidea esaterako, kalez jantzitako poliziek atxilotzen dituzte, modu bortitzean; autobus edo tren geltokietan migratzaileak jazartzen aritzen diren agenteek".

"Hori gure hirian gertatzen da, politikari profesionalek errefuxiatuei harrera egiteko zentro bat ireki behar den ala ez eztabaidatzen duten une berean", salatu du Etxebizitza Sindikatuak. "Eztabaida elektoralista horretan, Gorka Urtaran alkateak dio Gasteizek ez duela horrelako zerbitzurik behar, bere kudeaketa-eredua nahikoa delako. Ikus dezagun zein den eredua: bortxazko deportazioak, arrazializatutako pertsonen aurkako etengabeko jazarpen poliziala, lurraldean erroldatzeko eta erregularizatzeko traba burokratikoak, proletariotza migratzaileak etxebizitza eskuratzeko duen ezintasuna higiezin agentzien prezio altuak eta irizpide arrazistak direla medio, alternatibarik eskaintzen ez duten baina autobusa hartu eta hiritik alde egiteko 12 euro ematen dizkieten gizarte-zerbitzuak, pobrea eta, are gehiago etorkina, etengabe kriminalizatzen duten komunikabideak", sakondu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek: "Horiek dira burgesiak proposatzen dituen bideak: errefuxiatu jakin batzuk harrera-zentroetan pilatzea eta gainerakoentzat miseria eta diziplina gogorra".

Deportazioen kontra

Etxebizitza Sindikatuak nabarmendu du "deportazio mota guztiak erabat gaitzesten" dituela. "Oinarrizko eskubideak, hala nola mugimendu askatasuna, burgesiarentzat soilik dira eskubide eta proletariotzari ukatu egiten zaizkio, eta proletario etorkinei are gehiago", adierazi du. Seinalatu du, izan ere, "askatasun politikoak gehiago murrizten" direla pertsona migratzaileen kasuan: "Batzuentzat etxegabetze bat gelditzea isun ekonomikoa izan daiteke, eta beste batzuentzat, berriz, estatutik kanporatzea". Ondorioztatu du, beraz, "proletario etorkinentzat oraindik eta zailagoa" dela "beren bizi-baldintzak defendatzea eta antolatzea".

"Etxebizitza Sindikatuak proletario guztien antolaketa politikorako tresna izan nahi du: autodefentsa sozialista antolatu behar dugu, deportatu ez gaitzaten, etxetik bota ez gaitzatzen; azken batean, proletario etorkinekin nabarmen gogorragoa den proletariotzaren aurkako ofentsiba politiko eta ekonomikoa gelditzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK