AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gasteizko etxegabetze baten kontrako protesta, Etxebizitza Sindikatuak deituta.
2022/11/21 20:18

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, mehatxu argi bat egin du Gasteizko Udalak, "hauteskunde aurreko kanpaina betean": Alde Zaharreko 28 etxebizitza okupatu husteko asmoa erakutsi du hainbat hedabidetan. Ensanche 21 Zabalgunea promotorearen jabetzakoak dira etxeak, eta horiek husteko prozedura azkartu nahi dutela dirudi. Izan ere, Ensanche 21 Zabalguneko administrazio kontseiluak —Gasteizko udalbatza osatzen duten talde politiko nagusiek parte hartzen dute han— erabaki bat hartu du berriki: 28 etxe horiek udalaren jabetzakoak izatera igaroko dira, "etxebizitzak ofizioz berreskuratzeko prozedura administratibo baten bitartez". Modu horretan, "legezko bermerik" gabe geratuko lirateke etxebizitza horietan bizi diren pertsonak.

"28 etxe horietako asko Gasteizko Etxebizitza Sindikatuarekin daude antolatuta, eta azken urteotan larrialdietako etxebizitza gisa funtzionatu dute", azaldu dute Sindikatuko kideek: "Etxebizitza batean sartzeko zailtasun larriak dituzten pertsonei aterpea ematera bideratutako Sindikatuaren etxe-sarearen parte dira".

Ofentsiba

Gogorarazi dute, gainera, Sindikatuaren parte den beste etxebizitza bat hustu nahi duela Blackstone putre funtsak. "Putre funtsek zein instituzio publikoek funtzio berbera betetzen dute; beharrezkoak diren bitarteko guztiak erabiltzen dituzte —polizialak, legalak ekonomikoak— okupazioari aurre egiteko", salatu dute: "Gure bizi baldintzen aurkako eraso orokortu baten aurrean gaude, eta errentatzaile handiak, txikiak zein instituzio publikoak alde aktiboak dira prozesu horretan".

Seinalatu dute "bere burua okupatzera behartuta ikusi duen oro" saiatzen direla "mediatikoki eta juridikoki kriminalizatzen". "Azken finean, pobreziak sorturiko jarduerak borrokatzen dituzte pobrezia bera betikotzen duten bitartean", gaineratu du Etxebizitza Sindikatuak. "Alde Zaharreko okupazioaren kontrako plan" berria jarri du jopuntuan, beraz.

EZ DAGO IRUZKINIK