AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/21 13:38

Mugimendu Sozialistari iaz ezarritako beto politikoa mantentzen du Gasteizko (Araba) Txosna Batzordeak, Gazte Koordinadora Sozialistak eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi dutenez. Arrazoi ideologiko eta politikoak zirela-eta, Txosna Batzordeak iaz debekatu zien bi eragileei Arabako hiriburuko festetan txosna bat izatea, Ezker Abertzalearen ekimenez. Horretarako, besteak beste, Mugimendu Sozialistaren jardun politikoa erabili zuen argudio modura, eta gezurretara eta difamaziora jo zuen.

Jarrera berdinari eutsi dio aurten EH Bildu-Sortuk, Txosna Batzordean daukan gehiengoaz baliatuta. "Hori guztia, gainera, aurpegia zikindu gabe egiten saiatzen ari dira, Txosna Batzordean dauden eragileen artean gehiengoa edukita, haren izenean egin baitute mugimendua", salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak: "Mugimendu horien atzean EH Bildu-Sortu dagoela badiogu, haiek neurria hasieratik bultzatu dutelako da".

"Betoa salatzea ezinbestekoa da, ezarritako neurriaren larritasuna handia baita", gaineratu dute: "Demokraziaz ahoa betetzen zaien arren, ez dute Mugimendu Sozialistarekin espaziorik partekatzeko ez hari lekurik uzteko borondaterik, Mugimendu Sozialistaren hedapenarekin, gazteen artean nagusitasuna galtzen ari direlako". Hala, Mugimendu Sozialista "espazio sozialik gabe uzteko saiakera" modura kokatu dute beto politikoa, eta dei egin diete "Txosna Batzordean betoaren alde egin duten eragile guztiei hartutako erabakia zuzentzera".

Beto politikoak iaztik

"Mugimendu Sozialistaren adierazpenak zokoratzeko eta indargabetzeko helburuarekin", "ahal zuen toki guztietako" txosnaguneetan beto politikoa jartzeko hautua egin zuen iaz EH Bildu-Sortuk, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak gogora ekarri dutenez. EH Bildu-Sortuk bultzatuta, Lazkaon (Gipuzkoa), Deustun (Bilbo, Bizkaia), Lesakan (Nafarroa), Hernanin (Gipuzkoa) edota Egian (Donostia, Gipuzkoa) debekatu zioten Mugimendu Sozialistari txosna bat jartzea.

"Aurten ere, Gasteizen agerian gelditu da hautu berdinarekin jarraitzen dutela. Ikasturte hasieratik irtenbide ezberdinen inguruan pentsatzeko borondatea adierazi diegun arren, Txosna Batzordeak gurekin biltzeari ere uko egin dio", azaldu dute gaurkoan.

Udala, betoarekin bat

"Txosna Batzordearen egoera konpontzeko borondate falta ikusita", iazko abenduan Gasteizko Udalarekin harremanetan jarri ziren berriz GKS eta Etxebizitza Sindikatua, "irtenbide bat exijitzeko". "Legez edozein eragilek espazio publikoa erabiltzeko bermea izan beharko lukeen heinean, txosnagunean edo bertatik kanpo txosna beste nonbaiten jartzea exijitu diogu", diote.

Eurekin bildu arren, aurten ere "bere erantzukizuna saihestu eta beste albo batera begiratu" du udalak, "Txosna Batzordearen betoa berretsiz". GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko kideek ohartarazi dute, beraz, "Gasteizko jaietan txosna bat izan dezagun egon daitezkeen bide posible guztiak albo batera utzi" dituela, eta "egoeraren erantzule" direla EAJ eta PSE-EE alderdiak ere, udal gobernu gisara: "Haiek ere, demokraziaz hitz egin arren, behin eta berriro erakutsi dute ez dutela besteon eskubideak albo batera uzteko konplexurik".

"Udalak dio Gasteizko jaietan txosna jartzeko espazio bakarra Txosna Batzordeak kudeatzen duen txosnagunea dela, horrela, beraien erantzukizunari bizkarra emanez", salatu du Mugimendu Sozialistak: "Hala ere, horren atzean borondate falta dago eta espazioren bat bermatu beharko ligukete". "Udalak ez digu Gasteizko jaietan txosna jartzeko irtenbiderik zein alternatibarik eskaintzen", gaineratu du.

Mobilizazioa maiatzaren 6an

"Espazio publikoa erabiltzeko eskubidea eta, zehazki, Gasteizko jaietan txosna jartzea defendatzen jarraituko dugu" aldarrikatu dute GKSk eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak. Manifestazio bat antolatu dute maiatzaren 6rako, larunbata, "Gasteizko txosnetan ezarri zaigun beto politikoaren aurrean irtenbide bat exijitzeko". 18:00etan hasiko da mobilizazioa Andre Mari Zuriaren plazatik.


EZ DAGO IRUZKINIK