AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / PAME-All Workers Militant Front
2022/10/18 16:47

Sektorearteko greba eguna da gaur Frantziako Estatuan. Hiru auzi zeharkatzen dituzte protestek: bizitzaren garestitzea, pentsioen erreforma eta greba eskubidea. Langile klaseak ekoizpen zein hezkuntza zentro ugari geldiaraztea lortu du, 140 manifestazio egitearekin batera. Mobilizazio nagusia eguerdian izan da Parisen.

Oraingoan, petrolio findegietako lan-gatazkek piztu dute borrokaren garra, izan ere, gasolindegien heren bat zerbitzuz kanpo uztea lortu zuten sektore horretako grebalariek. Hori ikusita, Emmanuel Macronen gobernuak grebalarien aurkako mehatxu gogorrak jaurti zituen.

Paris greba eskubidea urratzen eta bestelako langile sektoreak petrolio findegietako beharginen aurka jartzen saiatu bada ere, Frantziako Estatuko langile klaseak mobilizazioan jauzi kualitatibo batekin erantzun dio: irailaren 29ko greba deialdian baino gehiago dira astearte honetan ekoizpen jarduerak bertan behera utzi eta kaleak hartu dituzten soldatapekoak.

Energia sektorean ez ezik, garraio publikoan, hezkuntzan eta osasungintzan ere euren bizi-baldintzen alde altxatu dira. Hala ere, deigarria da deialdiak herrialdearentzat garrantzia estrategikoa duten zentral nuklearretan izandako eragina: EDF enpresan Europako argindar-ekoizpenarentzat ezinbestekoak diren mantentze-lanak atzeratuko dira grebaren ondorioz. Ordezkari sindikalek astelehenean aurreratu zutenez, hamar zentraletan sumatuko da lanuztea. Hamahiru erreaktoretako jarduna baldintzatu dute, 2,2 gigavatio inguruko galera eraginez. Bestalde, ohiko sindikatuez gain, ikasleek zein gazte antolakundeek ere mobilizatzeko deia zabaldu dute, "soldata, pentsio zein laguntza sozialen igoerak eta bizi- zein ikas-baldintzak hobetzeko".

Garraioan, Parisko hiriguneko ia metro-sare osoa normaltasunez arituko bada ere, autobus zerbitzuaren herena etenda dago. Hori gutxi balitz, Londres eta Paris lotzen dituen trena geldiarazi dutela iragarri du Eurostar konpainiak, eta aldirietako trenetako geldialdiek ere min eginen diete patronalari zein gobernuari. Hezkuntzan, aldiz, haurtzaindegi eta lizeoetako lanuzteek haurren zaintzarako hutsune zabala eragin dute Frantziako Estatu osoan. Grebaldiak estuasunean jarriko du Frantziako Estatua, are gehiago gobernuak 2023ko aurrekontuak ezohiko botere konstituzionalekin ezarri nahi dituela ikusirik.

EZ DAGO IRUZKINIK