AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/25 10:47

Aurreko astean Iruñean (Nafarroa) egin bezala, faxisten deialdi-olatu bete-betean, faxismoaren gorakadaren kontra mobilizatu dira aste honetan Bilbon (Bizkaia), Gasteizen (Araba) eta Iruñean bertan. Faxistek hiriburu horietan egindako deialdiei erantzunez (atzorako greba egun bat zeukan deituta Voxek), horiei aurre egin diete hainbat eragilek: atzo iluntzean, mobilizazioak izan ziren Bilboko Eliptikan, Gasteizko Ibiltarian eta Iruñeko Udaletxe Plazan. Antolatzaileek berriz aldarrikatu zuten beharrezkoa dela "faxismoaren adierazpen guztiei aurre egitea", "bai borroka ideologikoaren bitartez, baita kalean ere".

Bilboko mobilizazio antifaxista amaitzean, talka bat izan zen faxistak elkartu ziren lekuaren inguruan. Horiei aurre egin zieten hiru pertsona identifikatu zituen Poliziak, ordena publikoa aztoratzea leporatuta. Identifikatuetako bat lurrera bota zuten ertzainek.

Faxisten oldarraldi berri bat

"Faxismoaren oldarraldi berri bat ikusten ari gara Espainiako Estatuan zehar, PSOE buru duen gobernu berri baten inbestidurari eta Procés-aren gaineko amnistiaren legeari lotuta", kokatu zuten testuinguruan mobilizazio antifaxistak antolatu dituzten eragileek. "Euskal Herrian ere gure herrietako eta hirietako kaleak hartzen saiatu dira espainiar ultranazionalistak, enpresariak, neonaziak eta bestelako erreakzionarioak", seinalatu zuten Gasteizen. Kasu honetan, gainera, hori "eskubideen, berdintasunaren eta langileon interesen izenean" egin dutela gogorarazi zuten Bilbon. Guztietan nabarmendu zuten oldarraldi hori guztia "gobernua osatzen eta babesten duten alderdien oposiziorik gabe" ari dela gertatzen.

Programa faxista eta bere arriskuak

Elkarretaratzeetako antolatzaileek ohartarazi zuten "langileriarentzat arrisku larria" dakarrela faxismoaren gorakadak, eta hala azaldu zuten aurreko astean Iruñean ere: "Programa faxistaren oinarri dira eskubide politikoen ezabapena, nazio zapalduetako langile klasearen autodeterminazio eskubidea barne, gutxiengoen bazterketa eta bere baldintza ekonomikoen degradazioa". Gaitzetsi zuten, gainera, programa horrek "areagotu" egiten duela jazarpena "instituzioekiko independentziaz antolatzen diren sektoreen eta ideologia faxistak etsaitzat hartzen dituen sektoreen kontra"; besteak beste, pertsona migratuen, LGTB pertsonen edota gazte langabeen aurka.

Instituzioetan faxismoari aurre egiteko ezintasuna

"Euren burua ezkerrekotzat duten alderdiek ulertarazi nahi digute faxismoari aurre egitea hauteskundeetan haiei botoa ematea dela, haiek 'instituzioetan geldiarazi' ditzaten. Baina, faxisten hedapena gelditzetik urrun, sozialdemokrazia ez da gai arazo horri irtenbidea emateko", salatu zuten berriz atzo, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako hiriburuetan: "Ezin dugu ahaztu faxismoaren indartzea, neurri handi batean, ezkerreko alderdiek langile klasearen maila zabalen pobretzeari aurre egiteko duten ezintasunaren ondorio dela".

Azpimarra egin zioten, beraz, "faxismoari kalean aurre egiteko" premiari, bertatik "naziak, ugazabak, enpresariak eta bestelako erreakzionarioak botatzeko eta kapitalismotik haratago joango den alternatiba baten garapena ahalbidetzeko". "Azken batean, sistema kapitalista bera baita faxismoa eragiten duena", gaineratu zuten Gasteizen.

EZ DAGO IRUZKINIK