AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/17 08:59

Azken asteetan, eta Pedro Sanchezen (PSOE) inbestidurari lotuta, kalera atera dira faxistak Madrilen eta Espainiako Estatuko beste hamaika tokitan. Iruñean (Nafarroa) ere egin dituzte hainbat protesta faxistek, PSNren egoitza aurrean nagusiki. Atzo iluntzerako ere bazuten deialdi bat eginda, parlamentu aurrean.

Deialdi horren kontra, eta faxismoaren gorakada gelditzera deitzeko, beste mobilizazio bat antolatu zuten ordu berdinerako Iruñerriko hainbat eragilek, tartean Iruñerriko Kontseilu Sozialistak. Sarasate pasealekuan, Foruen monumentuaren ondoan egin zuten faxismoaren kontrako protesta ehunka lagunek; faxisten elkarretaratzea bera baino jendetsuagoa izan zen, hain zuzen ere.

"PSOE buru duen gobernu berri baten inbestidurak, Procés-aren gaineko amnistiaren legeari lotuta, faxismoaren oldarraldi berri bat eragin du Espainiako Estatuan", kokatu zuten testuinguruan atzoko protesta antifaxistan: "Gure herrietako eta hirietako kaleak inpunitatez hartu dituzten aberats, aberaskume, espainiar ultranazionalista, nazi eta bestelako jendilajez bete dira, gobernua osatu eta babesten duten alderdien oposiziorik gabe".

Programa faxistaren mehatxua

Horren harira, faxismoaren kontrako elkarretaratzea antolatu zuten eragileek azpimarratu zuten "arrisku larria" dakarrela langileriarentzat faxismoaren gorakadak: "Programa faxistaren oinarri dira eskubide politikoen ezabapena, nazio zapalduetako langile klasearen autodeterminazio eskubidea barne, gutxiengoen bazterketa eta bere baldintza ekonomikoen degradazioa".

Hori gutxi balitz, gogoan izan zuten programa faxistak "areagotu" egiten duela "instituzioekiko independentziaz antolatzen diren sektoreen eta ideologia faxistak etsaitzat hartzen dituen sektoreen kontrako jazarpena"; hala nola, "migranteak, LGTB kolektiboko kideak edota gazte langabeak".

Faxismoari aurre egiteaz

"Euren burua ezkerrekotzat duten alderdiek ulertarazi nahi digute faxismoari aurre egitea hauteskundeetan haiei botoa ematea dela, haiek 'instituzioetan geldiarazi' ditzaten. Baina, faxisten hedapena gelditzetik urrun, sozialdemokrazia ez da gai arazo horri irtenbidea emateko", salatu zuten atzo, bestalde, faxismoari erakundeetan aurre egiteko aldarriari buruz. "Ezin dugu ahaztu faxismoaren indartzea, neurri handi batean, ezkerreko alderdiek langile klasearen maila zabalen pobretzeari aurre egiteko duten ezintasunaren ondorio dela", gaineratu zuten.

Atzoko protestan, beraz, ezinbestekotzat jo zuten "faxismoaren adierazpen ezberdinei aurre egitea, bai borroka ideologikoaren bitartez, baita kalean ere". Horri lotuta, esan zuten beharrezkoa dela "faxismoari kalean aurre egitea", "kaleetatik naziak, ugazabak, enpresariak eta bestelako erreakzionarioak botatzeko eta kapitalismotik haratago joango den alternatiba baten garapena ahalbidetzeko, ultraeskuinaren eta faxismoaren gisakoen arduraduna dena".

EZ DAGO IRUZKINIK